Euzko gudariak gara

Datorren astelehenean, hilaren 31n, 77 urte beteko dira gure Uria, Francoren aginduz, Italiako abiazioak bonbardatu ebala. Ez zan lehenengo aldia izan, ezta azkena be.

 

Aurretik, 1936ko irailean be bonbaz erasotu eutsien Durangori, eta, martiko bonbaketa eta gero be, apirileko lehenengo egunetan barriro txikitu eben gure herria. Ehunka hildako, txikizioa, ikara, nahigabea, samina eta berrogei urteko diktadura ankerra, beldurrez eta gezurrez beteta. Gure aurrekoek bizi izandakoa isilpean gorde behar izan eben, egia ezkutatu, Francoren gezur ofiziala errepikatzera behartuta, errepresio gordinaren erdian, lan-batailoietan eta kartzeletan.

Nortzuk dira Euzko Gudariak? Horixe da bost urteko nire lobak galdetu eustana. Eta gure herriko bonbardaketa kontatu neutson, gure aurrekoek helarazitakoa adierazi neutson. Gerra izugarria piztu zala 1936an, eta Eusko Jaurlaritzak Demokraziaren alde egin ebala. Jose Antonio Agirre izeneko Lehendakari jeltzaleak, duintasun eta ardura osoz, Herriaren eta herritarren eskubideen defentsa egin ebala, bai euskal lurraldeetan, baita, gerra galduta, erbestean be. Eta gerraren lehenengo egunetan, gure lurraldeak defendatzeko, gudarien hainbat batailoi sortu zirela (Kirikiño, Arana Goiri, Aralar, Itxarkundia, Saseta, Ibaizabal etab. izeneko batailoiak). Eta oso era eskasean prestaturiko boluntario horiek, gudari horiek, hornidura militar urriekaz aurre egiten eutsela etsaiei. Eta gudariok, Peña Lemona edo Saibigain izeneko mendietan, borroka odoltsuak jasan behar izan ebezala. Eta, halanda be, euren bizia arriskuan jartzeko aldatz gora joatean, Euzko Gudariak gara Euzkadi askatzeko… kantetan ebela. Ez Errepublikaren hiru koloreko bandera defendatzeko, ikurrina baizik. Eta, euren bizia salbatzeko bidezko defentsan, inor tirokatzeko gogoa adierazi beharrean, gerturik daukagu odola bere aldez emateko… abesten eben. Emoteko, ez inori kentzeko. Horregaitik dira gudariak, eta horregaitik gure errespetu osoa merezi dabe: inoren bizia kendu beharrean eurena emoten ebelako. Hor dago desberdintasuna. Hor dago prestutasuna. Horiei bai, agur eta ohore.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!