Atez ate, udalerriz udalerri?

Berau dogu azken aldian EAJkook, eta hainbat eta hainbat herritarrok egiten dogun galdera. Gipuzkoako Lurralde Historikoa gertu daukagu gure eskualdean, eta inguruari begiradatxo bat emoten ohituta gagozanok harriduraz ikusten doguz hondakinekaz gure albokoen agintariek herritarren artean sortu daben gatazka.

 

Harira etorriko naz, irakurle maitea. Hurrengo asteetan abian jarriko da gure herrian, Tokiko Agenda 21eko prozesuaren muinean, hondakinei buruzko foroa. Horretara, lantalde zabala eratu nahi da, ahalik eta ekarpenik gehienekin, parte-hartzerik zabalena bermatuz, hain gai garrantzitsua eztabaidatu eta hausnartzeko, eta, jakina, ondorioak eta proposamenak plazaratzeko. Gaia bihurgunetsua da, eta merezi dau prozesu sakon, serio eta arduratsua egitea, tentazio politikoak saihestuz.

 

Alderdiok, alabaina, gure proposamen propioak daukaguz, logikoa danez. EAJren kasuan oso era argian defendatu izan dogu bosgarren edukiontzia, eta apustu sendoa egin dogu herritarren informazioa, formazioa eta (adin nagusikoak garenez), hausnartu ondoren, parte-hartze boluntarioa sustatzeko. Kontrara, Bilduren eredua oso bestelakoa da, atez ateko eredua, hain zuzen. Indarrean dago jada Gipuzkoan esperimentua. Ez da ekimen teorikoa, laborategiko saiakera abstraktua, baizik eta herritarren beren-beregiko kontrakotasuna sortu daben ezarpena, salbu eta Bilduko gobernu taldeak gehiengo nahikorik ez daukan udaletan, Donostian, adibidez. Eta kezkatuta gagoz, zelan ez, gure Udalerriko azken plenoan Ezker Abertzaleko ordezkari batek zaborra biltzeko euren eredua iragarri ebalako, hau da, atez ateko eredu gipuzkoarra Durangon ezartzeko planik ete daben ardura daukagu. Gipuzkoan sorturiko arazoa gure eskualdera ekarri gura ei dabe. Horrexegaitik, ezarpenen gainetik, herritarren borondateari jarraiki, hauxe galdetu nahi dogu: Atez ate, udalerriz udalerri? Atez ate, halabeharrez? Ez, eskerrik asko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!