Hori horrela izanik, ezinbestean adierazi beharra dago aurtengo kontuak guztiz sendoak direla, zeharo egokiak, eta, logikoa danez, zentzunez eginak. Arrazoizkoak dira egoera ekonomikoari aurre egiteko eta, are garrantzitsuagoa, durangarrik bide ertzean uzteko arriskua saihesteko. Badakigu ez direla perfektuak, ekimen edo proposamen oro da hobetzeko modukoa; alabaina, krisiari aurpegia emoteko aproposak direla esango neuke. Are gehiago, atalik garrantzitsuenetan atzerapausorik ematen ez duen proposamena da: langileriari begira, kontrataturiko enpresei begira, herriko elkarteekaz ditugun konpromisoei begira eta abar. Zehatz eta zorrotz azterturiko kontuak dira, biziki landuak, eta beste talde batzuekaz, adostuak, hain zuzen be, PSE-EEren aldeko botoagaz eta PPren abstentzioagaz onartutakoak. Adosteko borondatea ekinean erakutsi ebenekaz bidea landu dogu eta hona hemen lan gogor horren emaitza: durangar guztien onurari begira eginiko ahalegina.
Eta gainerako taldeek zer egin dabe? Bada, kontrako botoa emon guztien onura lortu nahian landutako bide honi. Zergaitik? Auskalo! “Ez dira gure aurrekontuak”, “ez da hau edo bestea bermatzen”, “prozesua laburra edo luzea edo... izan da”. Batek daki zer. Ezker abertzaleak badauka aitzakien katalogoa, eta zerrenda luzea da. Betiko lepotik burua.
Ez naz aholkuzalea, inondik inora be, baina demokrazian horrelakoak dira arauak: aurrekontuen prozesuan lan egin, eta manifestazio isiletan isilik egon. Ondo etorriak.