Badator, urtero legez, euskararen eta euskal kulturaren ekitaldien artean durangarrontzat garrantzitsuenetarikoa (eta maitagarrienetarikoa) dana, hain zuzen be, Azoka. Datorren hileko hasierako egunetan (aurten 5etik 8ra arte), Durango gure kulturaren hiriburu bihurtuko da. Gure Uria Euskal lurraldeetako txoko guztietatik etorririko euskaltzalez beteko da, eta Kulturaunibertsoaren gailurrean kokatuta egongo gara. Eta hori guztia Gerediagari esker urterourtero gertatzen ohi da.
Gerediagaren lan gogorrari zor jako meritua, eta, baita durangarron esker ona be. Gerediagaren eguneroko ahalegina hainbat ekimenetan loratzen da, noski, baina Durangoko Azoka antolatzeko urteko egun orotan egindako beharra guztiz da goraipatzeko modukoa, eta zutabe hau aprobetxatu nahi dot eurei, EAJren izenean, gure eskerrik beroenak helarazteko.
Gerediagak badaki inguruabar guztiak kontra dagozanean lan egin eta helburuak lortzeko ahalegina egiten. Sobran frogatu izan dau urteetan. Frankismoaren garaian, errepresioaren aurpegi ilunari tinko begiratuta, elizpean sortu eben Azoka, Euskal Liburu eta Disko Azoka. Eta ordutik aurrera etenbako lana egin dabe gure kulturaren alor anitzetan. Oraingoan inguruabar ekonomikoei be aurre egin beharko deutse, egun bizi dogun egoeraren ondorioz erosleak urritu eta erosketak eskastu egin baitira. Ez dagoz bakarrik, noski, Herri Erakundeek, euren eginbeharrari jarraituta, dirulaguntzak bideratzen jarraitzen dute, hein handiago edo txikiagoan. Izatez, gehienek euren ekarpena iraunarazi dabe, besteak beste, Durangoko Udalaren kasua. Batzuen euskaltzaletasun pose hutsetatik hartarago dagoen konpromisoa, pankartetatik hartarago, irudikeriatik hartarago.
Jendez gainezka izango dogu Durango, eta gure Uriak, bere kaleetan, euskaltzaletasunaren mamia irudikatuko dau Azokari esker, Gerediagari esker. Euskarari eta euskal kulturari arnasgunea emoteko egun eta leku aproposak dira, batzuek erantsi nahi deutsen politikeriegandik aske.