Hasia da, jada, etorkizuneko Durango irudikatzeko prozesua. Aspaldian martxan jarrita dagoz pertsona asko eta asko, nekez eta gogoz, hurrengo urteetan abian ezarri beharreko proiektuak pentsatzen, zehazten eta neurtzen, bai epeen aldetik, baita aurrekontuaren aldetik be.
Bai, jaun-andreok, Tokiko Agenda 21eko prozesu parte-hartzaileari buruz ari naz, noski. Batzarrak guztiz zabalak dira, herritar oro dago gonbidatuta, ondo etorria, eta iritzi guztiak dira baliagarriak zein baliotsuak. Oraingoan Durango 2020an zelakoa izango dan irudikatzen ari gara. Gure herriak hainbat eta hainbat eraldaketa bizi izango ditu hurrengo urteetan: bai arlo ekonomikoan, bai gizartean, baita eremu fisikoan be (egitaterik esanguratsuena trenbidearen desagerpena da, baina badagoz beste batzuk be). Eta horiek guztiak neurriz, seriotasunez eta soseguz aztertu beharra dago, danon artean, guztion artean (parrokiaren batera bilduriko parte hartze itxurakeriatik oso urrun dagoen ahalegina, noski).
Berau da abian jarritako prozesuaren helburua, eta berau da EAJko Gobernu Taldeak bultzatu daben lan parte-hartzailea. Errespetu osoz, eta sendotasun osoz. Bai eta malgutasun osoz be, hau da, esku hartzeko bide barriak bilatu eta egikarituz be. Horretara sortu dira estalpe berean babesturiko beste ekimen herritar parte hartzaile batzuk: trenbide zaharrean zer irudikatu ahal dan zehaztu daben neska-mutilen taldeak (parte hartu daben ikastetxeei mila esker!) edota hirigintza alorrean Durangoko plangintza orokorra (hau da, zer, noz eta zelan eraikiko eta ezarriko dogun gure herrian etorkizunean) eratzeko herritarren esku-hartze taldea sortzea.
Hauxe da, zalantza barik, herri ekimena, herri lana, herritarren lankidetza, behar serio eta zentzuzkoa, kontuan hartu beharrekoa. Beraz, gonbidapen zabala danori: parte hartu Duran20 ekimenean!