Barikuan, martiaren 8an, urtero legez, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dogu mundu zabalean eta gurean. Egun aproposa da andren erreibindikazioak aldarrikatzeko eta aurrera egiteko begirada kritikoz. Bide luzea egin dogu emakumeok eskubide-berdintasunaren alorrean, baina, zalantza barik, etorkizunari begira be, hainbat eta hainbat gerra borrokatu behar izango doguz benetako berdintasuna lortu arte.
Gazteen artean matxismoaren aurrerakada egon dala nabaria da, eta ezinbestekoa adin-eremu horretan ahalegin berezia egitea, etorkizuna berdintasunean eraiki nahi badogu. Atzerapausorik ez. Datorrenari aurpegia erakutsi behar deutsogu, historian zehar ikasitakoa aprobetxatuz eta etorkizunari tinko helduz.
Edozelan be, lerro hauek aprobetxatu nahi dodaz iraganari be begiradatxo bat emoteko, eta gure aurreko emakumeei omenaldi xume bat egiteko. Azaleko aldarrikapenen garai honetan, gogora ekarri nahi dodaz iraganeko hainbat eta hainbat emakume indartsu, ausart, borrokalari.
Gure herriko andra apartak, benetako heroiak. Besteak beste, Durangoko bonbardaketa bizi izan ebenak, hainbeste eta hainbeste sufrimenduren gainetik euren familiak aurrera atera ebenak, etxe barruan eta kanpoan lan eginez eta, askotan, herria bera be, sarraskiaren ostean, eraikiz. Edo diktadura garaian euren biziak arriskuan jarrita, euskararen eta euskal kulturaren biziraupena ziurtatu eben emakume errepresaliatuak. Edota klandestinitateko mugimenduetan parte hartu eben andrak. Bai eta demokraziaren lehenengo garaietako kargu publikoak bete ebezan andrak be, alkateak adibidez, gure herrian adibidez. Eurenak bai garai ilunak. Gureak ez dira samurrak, baina, besterik ez bada, gaurkoan hedatua dago gizartean berdintasunerako nahia. Orain, ezinbestekoak dira aurrerapausoak, baina emakumeok ezin dogu alde batera laga gure aurrekoen ondarea, eta, jaraunspen horrek ematen deuskun erantzukizunez, androk benetako gure arazoak konpontzeko saiakera egin behar dogu, aldarrikapen hutsalak alde batera utzita. Gure amei eta amamei zor deutsegu, bai eta gure alabei be.