Biziminak (III)

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2020ko urr. 23a, 09:00

Errealitatea etengabe zenbakitan ematen zaigun garaiotan, iruditzen zaizu inork ez digula esan nahi benetan zer datorkigun, eta larria ematen dizu eguneroko zenbakien irakurketa arrunt horrek. Nahiago zenuke ezer gehiago ez jakin eta aprobetxatu gordinkeria honetatik apur bat aldendu eta metro batzuk atzerago kokatzeko. Hala ere, aldian behin baina gero eta sarriagotan ohartzen zara mundu honetako zure izatearen ezerezaz. Horren intermitentea izan zara beti…

 

Urriko euriak ezkutatu zaitu eta atzera begira zaudela erremediorik gabe egiten dizu ihes orainak. Min ematen dizu zurea izan zitekeen denborak; oharkabean neurri estu eta murriztaileen gurpilean sartu izanak; eta madarikatzen dituzu ezarritako muga eta arau guztiak zure ohiko bizimodu soilarekin jarraitzeko egindako saiakera bakoitza behin eta berriz sabotatzeagatik. Aspaldian maiz esan dizute sasoi berriei ekiteko ate batzuk ixten joan behar duzula, badakizu, normalean besteek hobeto jakiten dute zer komeni zaion norberari.

Baina pandemiaren erokeria gertutik ezagutu baduzu ere, hara zenbat naufrago ahaztu ditugun hilabete gutxitan, horiek ere zenbakitan eta adinaren arabera ordenatuta (zigor erantsi bat gehiago zenbaitentzat). Agian egin zenezake zerbait, gutxienez etsipen eta itxaropenaren arteko borrokaren agoniaz libratu eta ezinezko dirudiena beste pixka bat eginda lortzeko, bake apur bat urriko euripean. Akordatu zenbat abestu duzun “bakarra da bizitza ta soilik ditu bi bide, preso bizi gintezke edo erdi libre”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!