Eguraldi txarra

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2020ko eka. 26a, 08:30

Albistegietako titularra baino ez dirudi orain martxoan ezustean etxe-zuloetan zokoratu gintuen itzal handiko birus ikusezin eta ezerez honek, ematen du mundu bat igaro dela ordutik. Ekaineko eguzkiak eta alarma egoeraren indargabetzeak inertziaz garamatzate, ohiko bizimodu normalaren gose garelako. Eta batzuetan, hain zuzen geure burua engainatzen ari garen kontzientzia sotilez, arduragabekeria puntu batekin ari gara jokatzen. Baina 1947an hala idatzi zuen Camusek: “libre sentitzen ziren eta inor ez da libre izango izurriterik dagoen artean”.

"Hemen barruan erlojua entzuten dut" esan eta negarrez hasi zen agure bat, abailduta. Egunean hamaika aldiz errepikatzen zuen non eta norekin hil nahiko zukeen. Bitartean, bizitzak maiz egiten zuen ihes. Eta kafesneak bandejetan hozten, euliak geratu barik ospitaleko geletan, nitrilozko eskuak izerdi hotzez, kremailerak plastiko gardenak ixten, malkoak disimuluz lausotutako betaurrekoen gometan metatzen, etxekoak pantailetan urduri, gau osoan argiren bat piztuta eta beti baten bat lorik egin ezinik. Oraindik jendea asko akordatzen da, oraindik nahigabez; ze uste baino hondoratuago atera gara hemendik.

Eguraldi txarreko gau luzea izan da, eta zer esan, hunkituta nago. Gustura egongo ote zarete gura eta merezi zenuten zeru katoliko, itsasbazter edo sagarrondoen itzaletan. Azken hileetan pasatu denak hemen geratu garenok behartzen gaitu aurrerantzean zerbait berria egitera, gertatutako akatsak berriz errepika ez daitezen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!