Neurosia

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2020ko mar. 13a, 08:30

Halako atarramendurik! Jendea espantuka darabilzu, neurosiak jota! Inongo kontesturik gabe zure aire-eraso umelek eragindako heriotzak etengabe zenbatzen guztiz izuturik, supermerkatuetako kontserbak agortzen batzuk, eskugainetako azal zartatuak alkoholez babesten edo zaintza lanak delegatzen besteak. Eta ebakuazio planak prest agertuko bazina metro karratu gutxitan egonaldi behartu bat egiteko. Badaezpada, ze gure aseguruek ez dute halakorik ordaintzen.

Lehen ere erraza ez, eta are zailagoa da orain elkarrengana arrimatzea. Metro bateko distantziaren aitzakiaz, azalkeriaz eta urrunetik agurtzen dugu elkar, eta beti bezala, itxurak salbatzen gaitu. Baina aldi berean, bada halako gorraize bat… zaratara ohitutakoan isiltasuna entzuten dute batzuek.

Ez nuen uste horren urduri jarriko ninduzunik, oraindik ez didazu esan zertara etorri zaren. Zer zara zu, kausa ala kasualitatea? Badakit gertu zaudela, hor nonbait, erdi gordeka. Hartutako neurri guztiak gainditzeko gai zarela demostratu arte ez zaizu komeni non zabiltzan esatea. Era masiboan sukarrarazi arteko bakerik ez daukazu,  non agertuko ote zara hurrengo…

Freudek esan zuen, anbiguoa den edozer jasateko ezintasuna dela neurosi guztien oinarria. Ni ere ez naiz oraindik zuri aurrez aurre begietara begiratzen ausartzen, eta joan egin nintekeen baina hemen gelditzea erabaki dut nire eskularru, maskara eta distantziak hartuta. Gauza bakarra egin nezake neurosi hau baretzeko: amore eman eta bila nazazun utzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!