Uhinak

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2019ko abe. 13a, 08:50

Mallabian antena handi bat kokatzeko lurrak atontzen hasi ziren duela bi aste eta hondeatzaileak lanean hasi arte inork ez zekien ezer; ez kontsultarik, ez iragarpenik, ez zurrumurrurik. Erdigunetik eta eskolatik oso gertu egongo denez, keztatutako guraso talde batek herri batzarrerako deialdia egin eta herritarren erantzun zabala izan zuen.

Ikertu dira eremu elektromagnetikoen efektuak, eta debate publiko dezente izan dira. Ez naiz fio operadoreek euren intereserako finantzatutako ikerketekin. OMEren arabera, frekuentzia oso baxuan izan arren, efektu biologiko kaltegarriak sortzen dituzte landare, animalia eta gizakiengan, eta Europako Kontseiluak ahalik eta intentsitate baxuena erabiltzea gomendatzen du (horrek ez du esan nahi mugikorrek funtzionatuko ez dutenik). 

Behar baino garrantzi gutxiago ematen zaio prebentzioari eta ezinbestekoa da, are gehiago biztanleriarekiko –eta bereziki, haur eta gazteekiko- esposizio mailak handituz doazen aroetan. Esan gabe doa, neurririk ez hartzeak kostu ekonomiko eta sanitario oso altuak ekar ditzakeela (amianto zein tabakoarekin pasatu den gisara).

Hala izendatutako egunetan jertsean pina jartzea ondo dago, eta diru ekarpenak egitea eta lau teilatu abestea ere bai. Baina antza, ahaztu egiten zaigu arazoei agertu aurretik egin behar zaiela aurre, eta, tamalez, gaixotutakoan estimatzen da osasuna.

Ni pertsonalki asko poztu nau alderdikeriak utzita pentsaera ezberdineko herritarrak hala batu eta antolatu izanak, denon osasuna baitago jokoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!