Osasuna eta generoa

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2019ko urr. 11a, 08:30

Carme Valls Llobet endokrinologoa entzuteko aukera izan dut duela gutxi kongresu batean. Harritu egin ninduen haren determinazioak. Gehienon gusturako denbora tarte laburregian, osasun eta genero desberdintasunen inguruan hitz egin zigun. Berrogei urte ingururekin ohartu omen zen artatzen zituen emakume askok arazo berak kontsultatzen zituztela: mina, nekea eta genero-biolentzia. Ordutik, ikuspegi zientifiko batetik, emakume eta gizonek gaixotze-prozesuan dituzten ezberdintasunak ikertzen jardun du, besteak beste.

Emakumeen osasun biologikoa ikusezina da zientziaren aspektu gehienetan, eta ondorioz, osasun-arretan hauen aferak ere hala mantentzen dira. Ze, gaitzen sintomatologia tipikoa gizonen arabera osatu izan da. Inoiz entzungo zenuten bihotzekoaren sintomak inespezifikoagoak izan ohi direla emakumeengan. Eta pentsatu arren bihotzekoak eta antzekoak gizonaren osasunari lotuta doazela, egiazki emakume gehiago dira gaitz kardiobaskularren ondorioz hiltzen direnak.

Emakumeok urte gehiago bizi gara, baina urte horiek min eta gaitz kroniko gehiagorekin bizi ditugu. Eta emakume bat doanean medikuarenera min bat edo neke bat daukalako, sintoma hori oso modu errazean esleitzen zaio depresio edo antsietate bati, fibromialgiari… eta psikofarmakoen bidez artatzen dira ustez gaitz mental diruditenak, ondoezak kronifikatuz. Hobeto diagnostikatu beharrean, bizi prozesuak medikalizatzen direla esanaz amaitu zuen.

Gizonaren mundu benetan errealean bizi gara, eta asko dago egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!