Trantzean igaro ohi ditut bezperako egunak; datorrenaz, etor litekeenaz eta halakorik etorri ezean egin behar nukeenaz itota; ganora barik jaten, gauzak erdizka lagata, mila konturi batera ekin eta bat bera ere amaitzeko astirik gabe. Orduari begiratzen diot egunak argitu duela baieztatzeko, eta edozer egitea iruditzen zait egokiagoa biharraren zain egotea baino.
Ez duzu inoiz ulertu nola zaizkidan eramangaitzago bezperak biharamunak baino, hondamendia itxarongo banu bezala ikusten nauzu igande arratsaldetan, azken lan egunetan: amaierei begira azken minutuen aurka lehiatzen, presaka, jomugarik gabe. Gauzak gertatzear baina gertatzeke daudenean, orduantxe asaldatzen naiz eta alferrikakoak dira aspertzeko era guztiak. Eta batzuetan biharamunak nora jo ezeko egun esnatzen zaizkit eta nagoen lekuan geratu izana etengabe berresten ahalegintzen naiz, ausentzien minez presentziak ahaztuta, igual neure buruaren zama jasanezin egiten zaidalako.