Zerrendak

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2019ko api. 26a, 08:30

Udaberria abisatu gabe iritsi zen otsailean, eta zuk zure bizimodu txikiarekin darraizula dirudien arren, are arraroago zabiltza ordutik. Aste Santuko egunak gauzak amaitzeko hartu dituzu, ze hor ibili zara egunero eta etengabe —ia zerori eta ingurukoak gogaitu arte— zerrendak egin eta egin edozein paperetan, eskugaineko azalean, mugikorrean.

Zerrendak dauzkazu hozkailuan eta ordenagailuko teklatuaren ondoan, eta ezinbestean oroitu behar dituzunak sarrerako atean itsatsita. Eta, badaezpada, alarmak. Zure burua oso modu kuriosoan topatzen duzu sarritan; ez duzu asmatzen kartera eta poltsikoetan pilatu zaizkizun paperak noiz eta zergatik idatzitakoak diren, harritu egiten zaitu kontu batzuk zerrenda guztietan topatzeak, eta edozein txikikeria amaitzen duzunean, lorpen handi baten garrantzia emanda, harro ezabatzen duzu zerrendatik.

Hor ibili zara egunero zerrendak eta zerrenden zerrendak egiten (glazomania, omen) behin eta berriz zeure buruari gogorarazteko zer den benetan egin behar duzuna, uzteko behingoz zure kolerak eta kulpak, gauzak dauzkazula egiteko. Baina zerbaitek ihes egiten dizunean, agur. Hori gertatzen zaizu beti dena neurtzen ibiltzen zarelako, zure bizitzako afera guztiak kontrolpean eutsi nahian, denaren aurretik joateko zure zera horrekin estututa.

Gaur zure aurreko gizonak erosketa zerrendako hitzak banan-banan ezabatu ostean, papera txiki-txiki eginda utzi du supermerkatuko ilaran, eta konfetia balira bezala jaurti. Erotuta bukatuko dugu denok, dudarik ez izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!