Bizimina II

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2019ko ots. 22a, 08:30

Duela zortzi bat urte garbi adierazi zuen ez zuela kirofanora sartu nahi, bere historia klinikoan idatzita dago ordutik. Gaur 89 urte ditu eta “konbentzitu” zutelako kirurgiako itxarote-zerrendan dago bere izena. Aquí ya no mando nada esanaz agurtu gintuen larrialdi zerbitzuetan. Semeak zeraman etxera bere gurpildun aulkian, eta guri begira barrez errepikatu zuen amak esandakoa.

Neure onetik ateratzen naute kontu hauek eta asteak daramatzat emakume hura burutik kendu ezinda. Ordura arte ez nuen ezagutu heriotza horren era positiboan asimilatuta daukan inor. Izandakoaz harro eta bizitzaz aseta, azken kafesne bat hartu gurako luke bakarrik.

Egungo gizartearen hemengo eta oraingo bizitzaren martxak desafiatzen du egungo adinekoa. Ezinbestean familia, gaitasunak eta gerra galdu dituen adinekoari arrazoia eta aukera ere kentzen dizkio. Norentzako da erosoa honezkero-ez-den-guztiaz jabetuta bizitzea? Ahalegindu galeren ariketa egiten (eta galerez ari naizenean, pixoihalaz ari naiz, adibidez).

Euren autonomia aldarrikapenak dira eskuz idatzitako telefono zenbakien agendak eta bankuko leihatilan dirua ateratzeko sortutako ilarak. Benetako lezio bat ematen ari zaizkigu etengabe bizimodu zoriontsu eta libre bat defendatzen dugunoi, ze ez diegu uzten eurena eta eurei dagokiena erabakitzen. Ahoa orainez betetzen zaigu eta burua etorkizunez galtzen.

Gu ez gara nor gure beldurrak inoren erabaki bihurtzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!