Tour La Manada

Erabiltzailearen aurpegia

Webgune bat ireki omen zuten Iruñeko Alde Zaharrean doako bisita gidatuak eskaintzen zituena hil bakoitzaren azken asteazkenero. Interesa zuen ororentzako, argazkia atera zuten lekutik hasita, gau horretan gertatutakoa deskubritzeko aukera ematen zuten; 20 minutu eternal eta min haietan jazotakoa irudikatuz, noski, eta bukatzeko, poliziak identifikatu zituen lekuan amaitu. Gura zuenak, gainera, soinean zeramaten kamiseta edo euretako baten tatuajea erosteko aukera ere izango luke. Aho bizarrik eta lotsarik gabe bota dute sustatzaileek: tour horren helburua emakumeen aurkako indarkeria salatzea da.

Konturatu zarete abisatzen ari direla? Isiltzen ikasi beharko dugula esateko mehatxu moduko bat da, alegia, ondo dakite euren bortxak ez duela zigorrik; sare sozialetako protagonista bihurtu dira berriz.

Batzuetan nahiago dut nire burbuilan bizi, zoriontsu nintzela ez nekien garaian lez, denak zirudien egiazkoagoa. Nahiago dut hala bizi itxuraz bestelakoa iruditu arren gero eta jendarte homofobo eta misoginoago bat sufritu baino; ze, emakumeen gorputzek jarraitzen dute bortxa-eremu instituzional izaten.

Berdin dit zenbat urte egingo dituzten kartzelan, zigor juridikoa baino askoz boteretsuagoa da berez mespretxu soziala. Eta, hala ere, joan den udako ekainean “manada berria” sortu zen Kanaria Handian.

Zigorra eta estigma, biak bortxatua izan den emakumearentzat. Eta zerrendak etengabe doaz luzatzen; bat, bi, hiru emakume. Alferrik gabiltza beranduegi denean zergatiak bilatzen jarraitzen badugu.