Akordatzeko modukoak

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2018ko urr. 5a, 08:30

Ospitaleko kafetegian geunden hirurok, bakoitza bere kafeari eragiten. Hango kantoian esertzen garenero gauzez akordatu baino ez gara egiten. Orduan ere, L-k kontatu zuen gaixo terminal baten etxera joan eta negarrez atera zenekoa, oraindik gogoan dituela emakume gazte bat hil zen ospitaleko ohe-zenbakia eta agure batek goizaldean abesten zuen haur-kanta.

Izaretan ondo bilduta egon ohi dira itzal txiki eta uzkurrak, larrosak bezala zimelduta. Han, bizitza oso bat atzekoz aurrera doan tokian, azken guda agonikoan. Argi txiki bat eta gu siluetak, ohe ertzera makurtzen. Gertukoenak urduri eta ardurak janda, birritan-edo aipatzen dute zenbat denbora daraman ezer jan gabe. Eta han sortzen da isiltasun bat ezer entzuten lagatzen ez duena, handiegia den gaitz bati begira jartzen baikara denok. Eta gaixoa ahazten dugu maiz.

Beldurtu egiten dituzte gure erantzunek eta gu euron galderek, baina lan handiena geuk daukagu hor egiteko: barneratuago daukagu mina gaixo terminaletan gosea edo egarria baino. Hilaurren dagoenari onurarik eragin ez eta gainera kalte egin diezaioketen prozedura pila bat egiten zaizkio oraindik. Igual izango da senideok, eta oro har herrialde garatuetako gizakiok, ez dugulako sinistu nahi gure garapenak ez gaituela heriotzaz libratuko. Baina nonbaitetik hasi beharko dugu, ezta? Sendatu agian ez dugu sendatuko, baina zaintzea beti da posible: presentziak edozein zundak baino gehiago asetzen du. Eta halakoak bai, akordatzeko modukoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!