Armak

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2018ko mai. 25a, 08:30

Hormigoizko eraikinak ezerez, garrasiak, hauts eta ke beltzak eta garrasiak, tankeak eta garrasiak, pneumatikoak sutan eta garrasiak eta harriak eta garrasiak eta jende zauritua zaurituagoak korrika aterperatzen eta garrasiak eta hilotzak eta minak. Eta, artean, Estatu Batuak harro Jerusalemen enbaxada inauguratzen.

Gero eta minago zait munduaren kontzientzia, nahiago nuke arrotz egingo balitzait. Zoritxarrez asko du eraso, zauri eta oinazetik, eta ez ziren ez esajeratzen ari mundu hau latza dela ziotenak. Nakba da. Nakba da hondamena, ezbeharra, zorigaitza. Nakba da deskalabrua. Nakba da Israel sortuz geroztik zazpi hamarkadaz erbestean izatea.

Seguraski ez naiz hilaren hamalauko sarraskiarekin amesgaiztotan ibili den bakarra izango. Pentsa ze beldur sor lezakeen aurrerantzean egun argirik itzartuko den jakin gabe bizi beharrak; pentsa zer sentitzen ote den arriskutsua denean norbere etxean gordetzea ere. Israelek berrogeita hamabost palestinar hil zituen Gazan eta beste milaka zauritu, egun bakarrean.

Eta gu, kulpak propio ezkutatu eta huskeriak erabat hipertrofiatu zaleak garenok, ernegatu egiten gara herri oso bat espetxeratu ezin eta erail beharra duela publikoki aitortzen duenaren odol izotzarekin. Baina guk ere, ordea, zibilizatu eta aurrerakoiok, badugu erantzukizunik gerra horretan. Errealitatea ikusi eta berriz begiak ixtea erabaki duena baino itsuagorik ez omen dago eta, aizue, ahazten bazaigu ere, armak geureak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!