Geratzen dena

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2018ko mar. 9a, 08:30

Nonbait irakurri nuen jaio garen lekuan jaio garela egin behar duguna egiteko. Eta gezurra dela diot, areago, sinesgaitza egiten zait besterik gabe egin eta errepikatzera kondenatuta gaudenaren ustea; hori baino espontaneoagoak garela pentsatu nahiko nuke, ekiteko eta hobetzeko gogoa daukagula mundura sortzen garenetik.

Gabiltzan bideak harrapatu gaituela idatzi zuen Jose Luis Otamendik “Kapital publikoa” poema liburuan; egiten dugunagatik datorkigula datorkiguna alegia, eta ez alderantziz, edo halako zerbait. Ez dakit iragandako urte bakoitzak balio izan digun egindakotik ikasteko, askok gure aldeko abantaila izan behar luketen arren honezkero edo ez ditugu oroitzen, edo ez zaizkigu inporta.

Lehengoan lagun on batzuekin izandako elkarrizketa datorkit gogora, nola gure belaunaldian galtzen ikusi dugun gure gurasoen kontzientzia kolektiboa. Ze, jarraitzen dugu batzuetan gutasun horretatik hitz egiten, baina norberaren gainesposizio eta erakuskeria nagusitu diren garaiotan, salatu nahi dugun logika beraren biktima bihurtu gara. Eta patuaren kontua eginbeharretatik salbu sentitzeko aitzakia baino ez balitz ere, zer? Jendeak gauza ederrak izorratzen ditu eta horregatik ez dira denak kontatu behar.

Joan den astean herritar bat itzuli zen, urte luzez erbestean izan dena, eta lotsa moduko bat sentitu nuen laga zuen horretatik ezer geratzen ote den pentsatzen hasitakoan, gauzak asko aldatu direlako, eta ez nabil formagatik bakarrik. Kontatuko digu zer topatu duen. Ongi etorri, Pako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!