Paziente batzuez beti akordatuko naiz, nik eurak baino gehiago lagundu naute askotan, eta nahi nuke irakaspen horiekin guztiekin eredu txukun bat sortu, gero nire bizimodu erosora aplikatzeko. Izan ere, maiz iruditzen zait benetan garrantzizkoak diren arazoak dituen jendea gutxiesten ari naizela eta nik ez daukat motiborik koleraz bizitzeko. Txikiak izan behar luketen kezkei hondamendi baten neurriko garrantzia ematen diet eta oso errudun sentitzen naiz horregatik.
Izurria etenik gabe hedatzen da esparru guztietara eta hiriak ixten ditu bizitzari aukerak ukatzeko. Behintzat hala iruditzen zaigu baso bete uretan itotzen garenoi, eta benetan iristen denean erortzen lehenak izaten gara. Baina zenbaitzuek diote izurriak bizitzari aukera bat ematen diola, gauzei joaten utzi behar zaiela; gainezka egin orduko uhateak irekitzea zilegi da eta urei utzi egin behar zaie euren ibaiak egiten. Batzuetan eusteak mintzen duelako uzteak baino gehiago. Eta horrek ez du esan nahi bizitzari amore ematen diozunik, ezpada benetan garrantzizkoa dena estimatzen ikasi duzulako zaudela hari begira.
Camusen Izurria nobelako beste pasarte eder batek hala dio: “Ez dit axola itxaroteak etorriko zarela baldin badakit”. M-k esan zidan benetan garrantzitsuak diren horiek ia beti iristen direla bizitzan.