Ez zenekien, baina eskolako txikiena zinenerako masako produkzio katean lehengaia zinen, eta bazenituen helburu bi: unibertsitatera iritsi eta gustuko lana lortu. Hori ez dizu inork esaten. Eta orain, zugandik espero zena lortu duzunean lasaitu zara. Bizitzari inoiz aukerarik eman ote diozun desbideratzeko etengabe jarraitu duzun lerro zuzen honetatik…
Datorkizunari ere itxura hartzen hasia zara, egingo duzunak ziurrenik gehiago du espero dutenetik zerorrek egingo zenukeenetik baino. Hala ere, aspaldi konbentzitu zenuen zeure burua: egingo duzuna, egin nahi duzuna da (gezurrari tamaina egokia ematea deitzen zaio horri).
Egunerokotasunaren inertzia gailentzen denean, errazena arrastaka bizitzea da. Edozein aukera omen da egokiagoa betiko galtzea baino (ene!). Saihestu nahi baduzu ere, galdu egiten zara galtzeko lekua duzulako; gero atzera egiten duzu, ze borondate eta ausardia itzela behar dira bestelako bideak hartzeko. Eta salduta sentitzen zara, ustez nahi dituzun guztiak eginda ere, sekula konformatzen ez zarelako.