Ez da behar kontsolamendu merkerik, badakigu erabakitzeak ezin saihestuzko galerak dakartzala eskutik eta gai gara balantzaren teoria azaltzeko: hausnartu behar genukeela hautu bakoitzarekin zer galtzen eta irabazten dugun, eta gero, zama horrekin bizitzen ikasi. Zilegitasun dosi bereko hiru jokabide humano bereiztuko nituzke nik. Batetik, abilezia izugarria izatea iheserako; bestetik, etengabe lehengora itzultzeko premia gordina sentitzea; eta azkena eta beharbada idealena, aldiz, bigarren aukera bat izanda, bizi izandako huraxe hautatzea beste behin. Ez omen da posible aukera guztiak eta bat bera ere nahi ez izatearen kontzientzia egoista horrekin ganorazko ezertara iristea, inondik ere. Bale, eta nork bere burua segurtasun-eremuetan mantendu eta baldintza minimoetan irauteak ahalbidetu lezake zoriontasuna? Batek jakin. Leire Bilbaoren poema batek hala dio; plazer guztiek egiten dute min.
Erich Fromm psikoanalistaren arabera, gizakiok libre jaiotzen gara baina askatasun horrek sekulako beldurra ematen digu. Hamaika aukera desberdin eskura izanda, jarraitzen dugu pentsatzen mundua ordubetez gelditzeko gai bagina egingo genukeen guztian.