Leku publikoetan egin ezazue proba, altxa begiak eta izan hango miseriaren lekuko: horrenbeste jende etengabeko mezu trukea bermatzen duen aparatu banarekin eskuetan, erantzunik eskatzen ez duten mezuei ere fikziozko algarak bidaltzen dizkieten automata absolutu bihurtuta. Ez dira asko begietara begiratzen ausartzen direnak. Hala ikusten dituzu denak, eta halakoa zara zu.
Nork daki azaltzen zelan sentitzen den emotikonorik erabili gabe? Izena jartzen diogu baina izanik ez. Igual izango da sentitutakoa kokatzen eta kudeatzen jakin ez dugulako, eta urduritu egiten gaituelako esatear baina esateke dagoenak. Pantaila bidezko komunikazioaren segurtasun-esparruak estaltzen du gabezia hori.
Atzerapausoak ere gertatzen dira, gutxi ezagutzen ditut erantzun gabe utzitako mezuei azalpen bat zor diela uste ez dutenak. Ez dira interesgarriak isiluneak eta hutsuneak? Bizi osoa daramagu elkarrekin eta ez dugu ezer ikasi. Estipulatuta dagoena, izan behar duguna bilakatzen gara; ausartak, intimitaterik apenas dutenak. Ba, tira, niri gustatzen zait lotsatzen den jendea.
Parekoa sumatzen duzunean ezpainak umeltzen, edo poltsikoko txanponak zenbatzen, edo inorekin egoteko aldarterik gabe, edo hitz-erdika, edo bere perfumea oroitzen duzunean edonon, edonoiz eta kasualitatez. Horrek guztiak esaten du edozein mezuk baino askoz gehiago.