Jende gehiegi zebilen bultzaka atean, hurbildu eta berehala jabetu nintzen: sexuaren araberako ilara bi daude, eta neskek ez dute sarrera ordaintzen.
Haserretu egin nintzen ordaindu beharrik izan ez zutelako pozak zoratzen zeuden lagunekin, “zergatik kexatzen zara ez baduzu ordaindu behar” bakoitzarekin, eta batez ere neure buruarekin, azkenean sartu egin nintzelako. Umiliatuta sentitzen nintzen, ondo ikasia nuen arren produktuagatik ordaintzen ez baduzu, orduan produktua zeu zarela. Barruan gertatzen zena imajina dezakezue, neskok doako haragia gara halako lekuetan, eta esan diezazueket gauza gutxik ematen didatela horrek baino nazka handiagoa.
Duela hiru hilabete inguru, BERRIAko udako seriean elkarrizketa interesgarria egin zioten Sustrai Colinari (irakurketa gomendatzen dizuet). Bertsolariak dio errazegi jotzen dugula geure burua feministatzat, baina garrantzi itzela duela batzuetan geu ere hegemonikoak garela ohartzeak.
Eta hala da; zaila, mingarria eta deserosoa da fazeta ilunak agerian uztea, erosoagoa delako urtean hirutan protestatu, eta ostantzean ez ikusiarena egiten jarraitzea. Baina, arren, utzi iezadazue esaten ordutik ez dela egunik pasa patriarkatuaren doako produktu izateko neure burua saldu nuela sentitu gabe.