Parentesiak

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2016ko uzt. 22a, 08:30

Udak Euskal Herria bete-betean harrapatu orduko -ezin esan dezakegun arren harrapatuko duenik ere-, denboran atzerako (-6 ordu) eta negu gorrirako bidaia bati ekitea beste ideia hoberik ez zait okurritu. Urte osoa eguraldi onaren zain pasatu eta heltzeko unea iritsi denean hartu dut hegazkina arnasaldi berrien bila.

Eguneroko errutinak burla egiten digula uste dugunok, beldur handia izanagatik maite ditugu egun batetik bestera leku eta ordu desberdinetan bizitzera garamatzaten uneak eta maite ditugu azken egunak gure ohiko ingurunean, bidaiak etxea utzi baino lehen hasten direlako beti. Parentesi horrek uzten du aukera geure burua geure kabuz gobernatzeko kapazak ote garen eta halakoak gogoetatzeko, mundua uste baino askoz handiagoa dela ohartu eta gu uste baino askoz txikiago sentitzeko, joateko erabakiak agian beranduegi hartzen direla baieztatu eta aurrerantzean gehiago bidaiatuko dugula zin egiteko eta beste; gehienetan ideia efimero eta soil suertatu eta egiten dugun gauza bakarra diruaren xahutze inkontziente eta gehiegizkoa izaten bada ere. Lotsa ematen dit aitortzeak, baina ni ere banaiz arrazoiekin alde egin eta aitzakiekin itzultzen den horietakoa.

Hemen uda hasterako hango negu eta ohiko errutinara itzuliko banaiz ere, balia ditzagun parentesiak zein egunetan bizi garen ahazteko edo behintzat denborari neurri aski malguagoak emateko, memoria txarra omen da-eta zoriontsu izateko gakoa. Itzultzen garenean denak jarraituko du lagatako leku berean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!