Ez dakit gure txikitik geu goazen txokora, ala zokoratu egin nahi gaituzten norbaitek hala erabaki duelako. Batzuetan irainduta sentitzen naiz euskalduntasuna kanpora begirako zerbait bilakatu dela iruditzen zaidalako; alegia, turismora zuzenduago dagoela geure baitara baino.
Gorroto adina kultura balute euskara euren intereserako folklorismo gisa erabiltzen dutenek, Euskal Herria Basque Country gisa saldu nahi dutenek -eta gero legearekin ahoa betetzen dutenek Nafarroan Euskal Telebista debekatu eta haur eskola euskaldunen eskaerak atzera bota izana justifikatzeko-, agian desberdina litzateke dena, baina bakoitzak hausnartu beharreko afera da honen aurrean hartu nahi den jarrerarena.
Ama euskarak miñez egon naiz juan dan berrogei eta amabost urtian; nere malkorik ezta legortu ordutik orañ artian aitortu zion malkoz Txirritari duela laurogeita bost urte. Gutako bakoitza amets batean bisitatuko balu, ederra litzateke malkoak zapi banarekin lehortzeko adina maitasun izatea. Egoeraz jabetzeak arduratsuago egin behar gintuzke, baina tamalez justu kontrakoa ari da gertatzen.