Isilaraziak XVIII

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Arrizabalaga Cabrerizo (Durangoko Museoa)

Orain dela urte batzuk izan nuen Durangoko Museoan ikusgai dagoen erakusketa hau egiteko behar nuen bultzada, Markel Onandia eta Ainhoa Olaso Pilar de Zubiaurreri buruzko dokumentala egiten hasi zirenean. Bi proiektuekin aurrera egitea erabaki genuen, eta ordutik, 1884an Garain jaiotako emakume zoragarri honi buruz ikasten aritu naiz.

Harrigarria da gure kulturaren alde egindako lana. Bere bi nebak, Valentín eta Ramón, ezagunak nituen, biak pintoreak. Arreba gazte bat zutela banekien, baina Pilarrek egindako lana ez zen horretara mugatzen. Esan genezake, neurri handi batean, anaiek Pilarri esker lortu zutela izan zuten arrakasta: haien ordezkaria izan zen, eta erakusketak antolatzeko bidea erraztu zien. Familiak etxean gordetzen duen eta gaur egun museoan ikus daitekeen album batean argi ikus daiteke hori. Bertan, anaiek egindako erakusketa guztien prentsa-ebakinak bildu zituen.

Arte-kritikaria ere izan zen eta euskal artistak bilduko zituen museo baten beharra aldarrikatu zuen. 1910eko eta 1920ko hamarkadetan, hainbat artista hartzen zituen bere etxean, kulturari buruz hitz egiteko. Lyceum Club Femeninoren sortzaileetako bat ere izan zen. Emakumeen independentzia eta ahalduntzea sustatzen zituen elkarte hark, eta egoera zaurgarrian zeuden pertsonei laguntzen zien: alfabetatu gabekoei, haurrei, desgaitasuna zuten pertsonei eta baliabiderik ez zuten emakumeei, besteak beste. Elkartea 1926an sortu zen, duela ehun urte.

1936an, gerra zibila hastearekin batera, kulturaren eta aurrerapenaren porrota ere iritsi zen. Askok erbesteratu behar izan zuten; Pilarrek, esaterako, Mexikora jo zuen. Ordura arte loratzen ari zen kulturak, gizarteak eta mugimendu feministak bultzatutako aurrerabideak etenaldi bortitza izan zuten.

Erakusketa honen bidez, haustura hartan isilarazi eta ahanzturan geratu zen ahots bat aldarrikatu nahi dugu: Pilar de Zubiaurrerena, baina baita garai hartako beste hainbaten ahotsak ere. Haien lana berreskuratzea gure kulturaren historiari falta zaion zati bat osatzea ere bada.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!