Denbora honetan artista, lankide, lagun eta bisitari ugari ezagutzeko aukera izan dut. Horregatik, urteurren hau ez da eraikin baten edo erakunde baten ospakizuna soilik; museo hau posible egin duzuen pertsona guztiena ere bada. Bertatik pasa diren artistena, erakusketetara etorri zaretenona, hitzaldietan parte hartu duzuenona, tailerretan sortu duzuenona, kontzertuetan gozatu duzuenona, ikastera, deskubritzera edo, besterik gabe, denbora partekatzera etorri zaretenona.
Museo batek ez du zentzurik bere publiko gabe. Zuek zarete urte hauetan guztietan espazio hau bizirik mantendu duzuenak. Horregatik, zorionak gure museoari, baina baita zuei ere. Eta, batez ere, eskerrik asko. Museoko ateak zabalik izango dituzue etorkizunean ere, beste urte askotan elkarrekin ikasten, sortzen, sentitzen eta ospatzen jarraitzeko.