Isilaraziak XXVII

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Arrizabalaga Cabrerizo (Durangoko Museoa) 2026ko martxoaren 18a

Apirilaren 26ra arte dago ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan Giovanni Battista Piranesi. Erroma amestua erakusketa. XVIII. mendeko artista italiarraren 50 grabatu ikus daitezke bertan, baita bere irakaslea izan zen Giuseppe Vasiren beste hiru grabatu ere. Azkenik, bere seme-alaben —Francesco eta Laura— grabatu bana ere bada erakusketan.

Azken artista honengan jarri nahi dut arreta, Laura Piranesi grabatzailearengan (Erroma, 1754–1789). Txikitatik hazi zen aitaren tailerrean, Erromako Strada Felicen (gaur egungo Via Sistina) kokatua. Ziurrenik aitak azaldu zizkion perspektibaren oinarriak eta grabatuaren teknikak, eta horri esker Laurak aitarekin lan egin zuen, bere anaia gaztearekin, Francescorekin, batera.

Biak izan ziren artista nabarmenak, baina aitak bakoitza arte mota desberdin batera bideratu zuen, haien jakin-minaren eta trebetasunaren arabera. Francesco prospekzio arkeologikora bideratu zuen, eta Laura, berriz, veduta edo hiri-bistak egitera. Halako grabatuak oso preziatuak ziren atzerriko turistentzat, eta garaiko moda eta joera hori oso ondo ezagutzen zuen Laurak.

Tamalez, 1778an Giovanni Battista hil egin zen, 58 urte zituela, eta ez zuen testamenturik egin. Erromako legearen arabera, seme nagusiak jaso behar zituen aitaren ondarea eta tailerra. Francescok, ordea, arreba oztopo gisa ikusi zuen; horregatik, ezkontzera bultzatu eta tailerra uztera behartu zuen. Laura 35 urte zituela hil zen.

Lauraren lana, ordea, ia inoiz ez da ezagutzera eman, eta hari buruzko idatzi eta ikerketa oso gutxi daude. Egia esateko, nik ere ez nuen haren berririk izan erakusketa prestatu genuen arte. José Ignacio Olaveren bildumako grabatuen artean Lauraren lan bat zegoela jakin nuenean, argi izan nuen erakusketan jarri behar genuela. Benetan harro sentiarazten nau XVIII. mendeko emakume italiar baten obra bat Durangoko museoko hormetan zintzilik ikusteak. Gainera, grabatua gertutik ikusita, haren maisutasuna nabarmen ageri da. Akuafortearen teknikaren bidez testura aberatsak sortzen ditu, trebetasun handiz. Izandako oztopo guztien gainetik, bere burua artistatzat ikusten zuen; horregatik, bere lanak sinatuta daude: “Laura Piranesi inc”, Laura Piranesik grabatua. Bere lana aintzatetsi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!