Isilaraziak XXVI

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Arrizabalaga Cabrerizo (Durangoko Museoa) 2026ko urtarrilaren 23a

Bidaiatzea ikasteko modu bat da. Hori argi dugun zerbait da. Gaur egun, bidaiatzea hain erraza den garai honetan, askok izan dugu beste herrialdeetako kulturak ezagutzeko aukera.

Nire azken bidaia Sofiara izan da, Bulgariara. Esan beharra daukat, joan aurretik oso gutxi nekiela bertako historiari eta arteari buruz, eta harrituta geratu naiz zeinen hurbil eta, aldi berean, zeinen urrun gauden haien historiatik eta kulturatik. Beti egin ohi dugun bezala, bertako museoak bisitatzera joan gara, eta horri esker emakume baten izena entzun dut lehen aldiz: Vaska Emanuilova. Bere museo propioa ere badu Sofian.

Emanuilova 1905ean jaio zen, Koprivshtitsan, Bulgarian. Sofiako Arte Akademian ikasi ondoren, beka bati esker Parisera bidaiatu zuen, eta han jarraitu zituen arte ikasketak. Parisko testuinguru artistikoak erabat zabaldu zizkion begiak, eta garai hartan hasi zen bere lanetan hain bereizgarria den gai bat lantzen: emakume biluzien irudikapena, batez ere terrakotazko eskulturen bidez. Bidaia horretan, beste artista bulgariar batekin ere ikasi zuen: Mara Georgievarekin. Bien arteko lan-harremanak harreman sentimentala ere ekarri zuen, eta elkarrekin jarraitu zuten bizitzaren amaierara arte.

Testuingurua hobeto ulertzeko, kontuan hartu behar da Bulgarian artistek ez zutela izendapen hori jaso XIX. mendearen amaiera arte. Ordura arte, arte erlijiosoa zen nagusi, eta artistak Jainkoaren tresna huts gisa ulertzen ziren. Horregatik, askotan ez ditugu artelanen egileen izenak ezagutzen. Testuinguru horretan, eta emakume homosexualak izanik, erraza da imajinatzea Vaskak eta Marak beren bizitzan entzun behar izan zituzten iritzi eta aurreiritziak.

Hala ere, zailtasun guztien gainetik, lorpen handi bat ere eskuratu zuten: 1954an, komunistek Bulgarian boterea hartu zutenaren hamargarren urteurrena zela eta, Sobietar Armadaren monumentua eraikitzeko enkargua jaso zuten. Sofiako Prince’s Garden parkean dago, katedraletik gertu. Bertan, brontzezko hainbat figura ikus daitezke: behealdean gudariak (emakumeak eta haurren bat tartean), eta dorre altu baten goialdean lau figura (bi gizonezko armekin, eta emakume bat umea besoetan duela).

2023ko abenduan monumentu hori eraitsia izan zen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren. Testuinguru politiko berriak eta jarrera homofoboek eraginda, Emanuilovaren eta Georgievaren ondarea berriro ere erasopean geratu da. Ez da, tamalez, istorio berria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!