Emakume hauek museora ekarri eta artearen bitartez beraien egoeraz hausnartzea benetan ikaragarria da. Karina Senatorekin zenbait hitz trukatu ondoren, konturatu nintzen zein gutxi dakidan europarrak ez diren artistei buruz. Begirada europarrarekin ikasten dugu artearen historia, eta artista horiek dira museo nagusietan lekua dutenak. Baina zer gertatzen da beste kontinenteetako artistekin? Eta bertako emakumeekin?
Ez dit denbora askorik kendu Interneten bilaketa azkar bat egiteak, zenbat emakume afrikarren lan interesgarriak dauden ikusteko. Izen batzuk emango dizkizuet, eta beraiei buruzko informazioa bilatzea proposatzen dizuet; ez zaituzte epel utziko: Esther Nikwambi Mahlangu, bere eskala handiko eta etxeen portadetako margoez ezaguna; Bertina Lopes, 'pintura beltza' kontzeptuaren kontra egindako lanagatik, egoera zaurgarrian dagoen jendearen bizimodua irudikatuz; Safaa Erruas, bere instalazio zuri delikatuekin; Younousse Sèye, Senegaleko lehen emakumea izan zen École nationale des arts-en ikasketak burutzen; eta beste hainbat emakume.
Zutabe hau aprobetxatu nahi dut Durangoko Udaleko Immigrazio Saileko teknikaria den Verónica Redondo zoriontzeko. Lan izugarria egiten duen emakumea da, askotan isilean, baina emaitza garrantzitsuekin. Eskerrik asko, Verónica, Nigeriako emakumeei museoan beraien txokoa eskaintzeagatik eta gu guztiok hausnarketa garrantzitsu batera eramateagatik: emakume artistei buruz gutxi badakigu, zer esan europarrak ez diren emakumeei buruz?
 
        
        