Hori buruan, galdera bat etorri zait: zein da inoiz ikusi duzun argazkirik zirraragarriena? Ez ederrena —azken finean hori oso subjektiboa baita—, baizik eta zeinek utzi zaituen ahozabalik, gertatzen ari denari buruz gehiago jakiteko grinarekin? Nik argi daukat erantzuna: Lee Millerren argazki bat da. Ezagutzen ez baduzue, deskribatuko dizuet.
Miller bera ageri da argazkian, biluzik bainuontzi baten barruan (gorputza ez zaio ikusten, ordea). Bainuontziaren ondoan bota lokaztu pare bat ikus daiteke, eta aulki baten gainean bere arropak. Mahaitxo batean emakume biluzi baten eskultura dago, eta bainuontziaren ertzean jabearen argazki bat, marko zuri batean. Irudian ageri dena Adolf Hitler bera da. Bai, Millerrek Hitlerrek erabiltzen zuen bainuontzian sartu eta argazkia egin zuen, diktadoreak bere buruaz beste egin zuen egun berean.
Lee Miller Bigarren Mundu Gerran fotokazetari aritu zen. Lau emakumek bakarrik egin zuten lan hori, eta Millerren argazkiak izan ziren kontzentrazio-esparruetako errealitatea hobetoen islatu zutenetakoak. Emakumeen egoeraz arduratu zen bereziki, eta bere argazkiek garai hartan bizi izan zuten egoera gordina erakusten dute.
Deskribatu dizuedan argazkiarekin ez zuen probokazioa bakarrik bilatu. Beste zerbait adierazi nahi zuen: lubakietan eta kontzentrazio-esparruetan ikusitako doluaren eta zentzugabekeriaren arduradun nagusiaren tokia hartzea, elementu intimo eta arrunt baten bidez, bainuontzian. Bota zikinak kenduta, gorputza garbitzen ari da: garai berri bat hasten da, zikinkeria atzean geratzen da.
Bota zikin horiek, zoritxarrez, gaur egun beste batek daramatza soinean.
Ez da askotan hainbeste esan irudi bakar batekin. Ez dadila ahanzturan erori emakume handi honen lana, mesedez.