Gainera, emakume jaio, baina emakume sentitzen ez den artista bat bazara, eta XIX. mendearen amaieran jaio bazara, pentsa zure bizitza zein gupidagabe bihur zitekeen.
Hori guztia lehen pertsonan bizi izan zuen Hannah Glucksteinek, Gluck izenez ezaguna, genero-neutraltasuna aldarrikatuz. Familia judu eta dirudun batean jaioa, ez zuen inoiz etxekoen babesik jaso. Txikitatik baztertu zituen ezarritako genero-rolak: gizonezkoen jantziak soilik erabiltzen zituen, eta gizarteak ezarritako arauak ez zituen onartzen. Diskriminazioa ez zen familian bakarrik geratu: artearen munduan ere zailtasun handiak izan zituen.
Ez zuen inoiz “arte femeninoa” kontzeptua onartu, artistak generoaren gainetik ulertzen baitzituen. Pentsamolde hori XX. mendearen hasieran izatea benetan aurrerakoia zen. Horregatik, berak antolatzen zituen bere erakusketak, inoren jarraibiderik gabe. Egindako erakusketa guztiak bakarkakoak izan ziren. Ez zen inoiz eskola edo mugimendu artistiko zehatz batekin lotu, eta bere pigmentu propioak prestatzen zituen, merkatuan zeudenak baztertuz.
Erretratuengatik eta lore-pinturengatik da ezaguna. Erretratuei dagokienez, "Medallion" izenekoa da esanguratsuena; gaur egun queer artearen ikur gisa hartzen da. Bertan, Gluck eta bere maitalea, Nesta Obermer, ageri dira, profilez, bata bestearen ondoan. Hondo lau baten aurrean, emakumeen begiradek eta espresioek dute protagonismoa. Lesbiana edo transgeneroa izatea oraindik izendatu ezin zen garai batean, horrela adierazi zuten beraien maitasuna.
Hala ere, azkenean Nesta bere senarrarekin itzuli zen, eta Gluck bakarrik eta depresioan geratu zen.
Hura ez zen bere maitale bakarra izan: Constance Spry lore-diseinatzailearekin harreman estua izan zuen, eta honek sortzen zituen lanak margotzen zituen Gluckek. Geroago, Edith Shackleton Heald kazetariarekin hasi zuen harreman sentimentala, eta heriotzera arte elkarrekin bizi izan ziren.
Joan den maiatzaren 17a homofobiaren eta transfobiaren aurkako eguna izan zen. Gaur egun oraindik aldarrikapenak egitea beharrezkoa bada, eta egiteko asko geratzen bazaigu, pentsa zer bizi behar izan zuen Gluck bezalako artista batek XX. mendearen hasieran.
Aitortza hau beharrezkoa zen.