Orain dela pare bat urte elkarrizketa bat egin zidaten eta bertan museoetan feminismoak nola eragiten duen galdetu zidaten. Orduan ere azaldu nuen azken urteetako joera bati jarraituz emakume artisten inguruko erakusketak gero eta gehiago egiten ari direla eta ikusgai jartzen direla beraien burua eta lana. Hau guztia ondo dago, baina benetako feminismoa haratago doa. Nire ustez, museo batek egin beharko lukeena hauxe da: orain arte gizonena bakarrik izan den protagonismo hori zalantzan jartzea. Zergatik ez dago emakume artistarik museoetan? Non zeuden emakume artistak? Existitu al ziren? Gaur egunera arte jaso dugun Artearen Historia hori zalantzan jarri behar dugu, ez baita Egia absolutu bat. Kontatu ez dizkiguten gauzak daude, eta horiek ezagutu behar ditugu.
Horregatik antolatu dugu topaketa hau, beste ahots batzuk entzuteko, ohiko perspektibatik urruntzeko eta beste Egia batzuk ezagutzeko. Horretarako, lau emakume gonbidatu ditugu; Dorleta Ortiz de Elguea, Cristina Gutiérrez-Meurs, Isabel Mellén eta Eugenia Tenenbaum. Emakume hauek idazleak, artistak, artearen historialariak, irakasleak eta dibulgatzaileak dira. Idatzi dituzten liburuak euskarri bezala erabilita, emakumeak Artearen Historian eta orokorrean Historian izan duen paperari buruz hitz egingo dugu. Orain arte isilaraziak izan direnei ahotsa emango diegu, ahalik eta historiarik errealena ezagutzeko.
Lehenengo pauso bat besterik ez da hau, eta interesgarria izango litzateke topaketa hauekin urteetan zehar jarraitzea eta emakumeena ez ezik, isilaraziak izan diren beste ahots batzuk ere entzutea, hala nola LGTBIQ+ komunitatearena, arrazializatuena, diskriminatuena, elbarrituena, gaixoena, eta abar. Gizon zuri, heteropatriarkalaren ahotsa askotan entzun dugu; besteok ere badugu zer esan.