Isilaraziak XXI

Gaur egungo gizartean argazki bat egitea ez da aparteko zerbait. Denok dugu patrikan telefono bat, eta honekin egunean zehar hamar edota ehun argazki egiteko gai gara. Hain dago barneratuta gure gizartean argazkiak egitea, ezen noizbait hau existitu ez zela ia ez dugula pentsatzen. Historiako lehenengo argazkia 1824koa dela esaten da, Joseph Nicéphore Niepcek eginikoa, baina ez zen 1888ra arte izan Kodak enpresak lehen karretedun kamera asmatu zuen arte. Honek guztiz aldatu zuen argazkigintza.

Hasieran, argazkiak ez ziren oso ondo kontsideratuak izan. Pinturak zuen garrantzia, eta pintoreei lagungarri izateko elementu bezala hartzen ziren argazkiak. Egoera honek emakumeak argazkigintzan aritzea ahalbidetu zuen, gizonezkoek ekintza hau bigarren mailakotzat hartzen zutelako. Honi esker, XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran emakume asko argazkilaritzan aritu ziren. 

Aipatzekoak dira Frances Benjamin Johnston, Christina Broom, Sabina Muchart Colboni, Vivian Maier, Dora Maar, Diane Arbus, Germaine Krull, Margaret Bourke White eta, etxera etorrita, Eulalia Abaitua. 

Aipagarria da autore hauek guztiek duten antzekotasuna: aurretik gizonezkoek inoiz erakutsi ez zuten errealitate bat erakusten dutela. Argazkilari hauek egunerokotasuna erakusten zuten; ume eta gazteen jolasak, etxeko lanak, marjinatuak, ahaztuak, pertsona zaharrak, etab. Artearen Historia osoan, gizonezkoek errepresentatu dituzten beste gizon erretratatuetik urruti, zaldi-irudi inperialistetatik urruti, errege eta erreginen edo eliz gizonen erretratuetatik urruti, gerra eszena idealizatuetatik urruti. Emakumeak ez dira biluzik agertzen, eta agertzekotan ez dira gorputz perfektuak azaltzen, errealak baizik. Argi dago argazkigintzak mundua emakumeen begietatik nolakoa zen ikusteko aukera eman digula. Urteetan, emakumeek debekatua izan zuten errealitatea errepresentatzea, eta kamera batek eman zien aukera hori. Hori bai, zenbatek ezagutzen zenituzten aipatu ditudan argazkilari handiak? Zuen hausnarketarako uzten dut galdera hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!