Hilma af Klinten erakusketaren komisarioak Tracey R. Bashkoff eta Lucía Agirre izan dira, New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoetako komisarioak, hurrenez hurren. Urte askotan egindako lanaren emaitza izan da, 2018an lehenengoz egin zuten Hilmaren erakusketa New Yorken, eta orain etxean ikusteko aukera dugu.
Hilma af Klint Stockholm-en (Suedia) jaio zen, 1862an. Familia aberats eta kultural baten parte izan zen. Honek erraztasuna eman zion Suediako Arteen Erret Akademian sartzeko, 18 urte zituela. Hau izan zen emakumeak onartu zituen lehen eskola europearra. Hori bai, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak nabariak ziren ikastaroetan. Garai horretan pintura tradizionala landu zuen, paisaiak eta erretratuak eta hiriko zirkulu kultural eta feministetan parte hartu zuen. Eskolako artistarik nabarmenetarikoa bazen ere, emakume izateagatik, gizonezkoak baino zailtasun gehiago izan zituen. Hori dela eta, beste jakituria esparru batzuetara jo zuen: espiritismora, teosofiara eta antroposofiara zehazki; Estatu Batuetatik zetozen sinesmen alternatibo batzuk ziren, Europan ezagun egin zirenak eta beste artista batzuk ere erakarri zituztenak, hala nola Kandinsky edo Mondrian. Hauei esker bere sentimenduak eta esperientziak (ahizpa gaztearen heriotza kasu) koloreen bitartez adierazten zituen, inongo figurarik gabe. Hau da, arte abstraktua egiten hasi zen. Artearen Historiako liburu guztietan arte abstraktuaren aita Wasily Kandinsky dela esaten badute ere (eta berak ere bere burua horrela definitu zuen) Kandinskyren lehen obra abstraktua (1910) baino 4 urte lehenago egin zuen berea Hilma af Klintek. Bere lanak garaiko pertsonentzako ulertezinak zirela argudiatuz, ez erakustea proposatu zioten, eta berak horrela egin zuen; bere heriotza baino 20 urte geroago, ikusgai ez jartzea eskatu zuen. Hainbeste ezkutatu ziren, ezen 1986ra arte, hau da, heriotza baino 42 urte geroagora arte, ez zirela berriz ikusi. Artearen Historia hankaz gora jarriz, arte abstraktuaren amari bere ahotsa emanez.