Mila esker, Jon.

Nire azken 20 zutabeetan emakume isilarazien ahotsen bozgorailua izan naiz eta ez dut lan honekin amaituko; izan ere, tamalez, oraindik ere emakume askori eman behar zaie ahotsa.

Baina, gaurkoan, "eskerrik asko" handi bat publiko egiteko erabili nahi dut nire ahotsa. Eman dezake denboraz kanpo nabilela, baina, egia esan, hartzaileak askotan entzun du hitz hori nire ahotik. Izan ere, Jon Irazabalek nire esker ona izan du beti. Oraindik gogoan dut museoan lanean hasi berria nintzenean nire bulegora etorri zenekoa. Hasieran urduritu egiten nintzen bere aurrean, Historia ikasi dugunontzat Durangaldeko historia hobekien ezagutzen duen pertsona aurrean izatea ez da-eta ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina hasieran pentsatu nezakeenaren kontra, pertsona hurbila eta eskuzabala izan da beti Jon.

Lehenengo bisita horren ondoren beste asko egon dira. Bere efemerideak jasotzen nituen (genituen Durangaldeko askok) whatsappetik, Durangaldeko istorioei buruz. Egunkari zaharrak ekartzen zituen museora Durangoko berriekin. Durangoko Udalak hasitako indusketa bakoitzean nire bulegoan izaten zen bera, informazioa eskatuz eta informazioa emanez. Behin betiko erakusketa eraikitzen lagundu dit, bere hitzekin eta objektuekin. Telefono deiak jaso ditut “egun on, neskatila” batez hasita, eta gero zerbait eskainiz.

Jon Irazabal ez zen historialaria ikasketaz, baina bai bihotzez, eta bere lan nekaezinari esker Durangaldeko Historia hobeto ezagutzen dugu gaur. Bere lanari esker, eta, esan bezala, bere eskuzabaltasunari esker. 2016ko abenduan, ni museoan lanean hasi eta hilabete batzuetara, Anboto aldizkariko zutabe hau erabili zuen hitz hauek idazteko: “Animo, Garazi, esku bat baino gehiago dituzu laguntzeko prest.” Argi daukat Jonen eskuak beti izan ditudala laguntzako prest. Bihotzez eskertzen dizut, Jon, bidelagun izan zaitudalako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!