Baina bakardade horretan beti pertsonaia bera azaltzen dela ez duzu inoiz ikusi? Nor zen emakume ilegorri hura? Bere koadroetako eszena desberdinetan (taberna bat, hoteleko logela bat, gasolindegi bat, tren-kabina bat eta abar) emakume ilegorri bat azaltzen da. Bera Josephin Nivison da, Edward Hopperren emaztea. Eta ez hori bakarrik, bere musa eta bere arrakastaren arduraduna ere izan zen.
Hopperrekin ezkondu aurretik Nivison artista esanguratsua izan zen, erakusketak antolatzen zituen eta garaiko beste artista handiekin harremana zuen, besteak beste Man Rayrekin, Picassorekin edo Modiglianirekin. Beste emakume artista batzuen kasuan bezala, ezkontzearekin batera lan artistikoa alde batera utzi zuen, ez zuen margotzen jarraitu, eta, horren ordez, senarrari ematen zizkion ideiak, koadroen izenburuak, kontaktuak, erakusketak egiteko aukerak eta abar. Esan dezakegu Josephinek buruan zuen artelana Hopperren eskuek egiten zutela (eta batzuetan emaztearen eskuek ziur aski). Ezkontzaren ondorengo urteetan, Nivisonek (ordutik Hopper) ez zuen lanik produzitu, eta bere presentzia koadroetako protagonista izatera mugatu zen. Bikotearen arteko harremana liskarrez beteta egon zen eta noizbait biolentzia fisikoa ere egon zen euren artean. Hala eta guztiz ere, senarraren heriotzara arte batera jarraitu zuten.
Josephinek egunerokoak idazten zituen eta hauei esker jakin ahal izan dugu nolakoa izan zen bere bizimodua eta Edwardengan izan zuen eragin artistikoa. Bere egunerokoan idatzirik utzi zuen bezala: “Tokirik badago batentzat bakarrik, orduan, zalantzarik gabe, toki hori beretzat izango da.”
Udako eguzki errukigabearen aurrean dago Josephin, etxeko atariko zutabera lotuta. Aurrera begiratuz. Konturatu gabe, galdua zuen tokia berreskuratuz.