Isilaraziak XVIII

Aurtengo udan (uztailaren 24tik abuztuaren 11ra bitartean) Parisen Joko Olinpikoak jokatuko dira. Aski ezagunak dira eta mundu mailan kirol lehiaketarik garrantzitsuena da. Denok ikusi izan dugu noizbait lehiaketa hau, baina agian hain ezaguna ez den datu bat zera da, 1912tik 1948ra bitartean, kirolaz gain, arteak ere parte hartzen zuela lehiaketan. 5 diziplina desberdinetan parte hartu zezaketen artistek: eskulturan, pinturan, literaturan, musikan eta arkitekturan. Izan ere, gorputzaz gain, adimena lantzea zen joko hauen oinarrietako bat. Sortutako artelanak kirolarekin lotura izan behar zuen, eta obrek originalak izan behar zuten, inoiz aurretik aurkeztu ez zirenak. 

1928ko Udako Joko Olinpikoetan, pintura sailean, Laura Knight pintore britainiarrak irabazi zuen lehiaketa, lehenengo emakumea eta bakarra sari hau lortzen. 1919an pintatu zuen koadro bat izan zen irabazlea (baina aurretik inoiz erakutsi ez zena), bi boxeolari agertzen dira ring baten gainean. Argiztatuak daudenak beraiek dira bakarrik, atzealdea ilun eta lur-kolorez dago errepresentatua, eta kirolarien azalak hartzen du protagonismoa, non beraien giharrak ikusi daitezkeen. Koadro honi esker, emakume pintore batek aintzatespena lortu zuen, ez bakarrik saria irabazteagatik, erabilitako gaia gizonezkoei bakarrik zegoelako baimenduta. Knightek beste askotan ere errepresentatu zuen bere lanetan aurretik gizonezkoek bakarrik egin ahal zituzten gaiak; hala nola emakumezkoen biluziak eta gerra gaiak. Hau aipatuta, benetan gomendatzen dizuet Self Portrait with Nude lana Interneten bilatzea. Koadro honetan Laurak bere burua erretratatzen du modelo biluzi baten ondoan. Ordura arte emakume batentzat debekatua zegoen gorputz biluziak margotzea, eta Knightek, gainera, modelo biluziaren ondoan bere burua ere errepresentatzen du. Baina agian deigarriena zera da niretzat; lana Interneten bilatzen duzunean ez dela zuzenean agertzen, desenfokatuta agertzen da, eduki sexualki esplizitua eta "sentikorra edo desegokia" duela pentsatu duelako norbaitek. Zergatik jarraitzen du beldurtzen emakume biluzi baten gorputzak? Edo, hobe esanda, zergatik beldurtzen du emakume batek bere burua biluzteak baina ez da berdina gertatzen gizonezkoak emakumea biluzten duenean?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!