Isilaraziak XIX

Aurreko astean Agustín Ibarrolaren Papera ardatz erakusketaren itxiera ekitaldia egin genuen Durangoko Museoan. Ibarrola artista aski ezaguna da, euskal kulturaren ikur bihurtu dena, politikarekin konprometitua eta hori guztia bere lanetan islatzen da. 

Ibarrola bezala, badira beste euskal artista ospetsu batzuk, horien artean aurten 100. urteurrena ospatzen duten Chillida eta Basterretxea, eta Oteiza, Balerdi, Zumeta… Guztiak artista handiak eta ospetsuak. Baina hauen artean ez al zen emakumerik egon? Bai, noski! Egon bazeuden, baina, beti bezala, isilaraziak izan dira. 

Horietako bat Maria Francisca Dapena artista izan zen. Santanderren jaiotakoa baina bere amaren sorterrira, Balmasedara, etorritakoa. Bere arte ikasketak herri horretan bertan hasi zituen eta etengabeko hezkuntza jaso zuen, bai museoak bisitatzen bai beste artista batzuen harremanarekin. Berarekin batera lanean aritu zen artista bat, hain justu, Agustín Ibarrola izan zen. Honekin batera Estampa Popular izeneko arte taldea sortu zuen. Dapenak bere etxean bilera antifrankistak antolatzen zituen garaiko intelektualekin; besteak beste, aipatutako Ibarrola, Blas de Otero, Gabriel Aresti eta Gabriel Celaya idazle, artista eta filosofoekin. 

Dapenaren lanek garaiko ezinegon politiko hori islatzen dute. Sufrimendua, beldurra, atsekabetasuna. Baina ideia negatibo guztien gainetik nolabaiteko goxotasuna ere transmititzen dute lanek. Olioa erabili bazuen ere, bere lanik aipagarrienak, nire ustez, grabatuak izan ziren. Ibarrolaren grabatuak bihurtu dira 70eko hamarkadako langile mugimenduaren ikur, baina Dapenarenak ezkutuan geratu direlako; izan ere, sekulako indarra dute bere lanek. Lerro gordinak, kontrastez beteak. Kasu batzuetan emakumeak dira protagonistak irudi hauetan, berritzailea guztiz. 

Kartzelan eman zituen urte batzuk, bere ideologia antifrankista zela eta. Garai horretan bizitako pasarte latzak Señor Juez liburuan ezagutzera eman zituen. Izan ere, idazlea ere bazen. Idazketaren eta artearen artean paralelismoa egin dezakegu. Era xamurrean adierazten dituelako bizipen gordinak. Isilaraziak izan diren garrasi iraultzaileak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!