1884an jaio zen, Garain, baina Madrilen eman zituen urte asko. Bertan, garaiko kulturaren pertsonaia garrantzitsu bihurtu zen Pilar, izan ere, bilera intelektualak antolatzen zituen bere etxean. Hauetan parte hartzen zutenen artean zeuden, hala nola Manuel de Falla, José Ortega y Gasset eta Diego Rivera artista eta intelektualak. Hain ezagunak egin ziren bilera hauek ze, “Zubiaurretarren larunbatak” bezala ezagutzen zirela kapitalean. Valentín eta Ramón ere bertan egoten ziren, baina hauen komunikatzeko zailtasunak zirela-eta (gorrak ziren), ziur asko Pilarren laguntza izango zuten anaiak Madrilgo bizitza kulturalean sartzeko.
Emakumeen eskubideen aldeko borrokalari bezala ere kontsideratu dezakegu Pilar. Londresetik heltzen ziren lehen ideia feministen alde egin zuen. Lyceum Club Femeninoaren sorreran parte hartu zuen, Bretaña Handiko Hirian sortu zenaren oinordea. Bertan, emakumeen interesak defenditzen ziren, eta, aldi berean, topaleku bat ematen zieten, emakumeen hezkuntza, kultura eta lanbide garapena sustatzen zen eta gizarte-ekintzak antolatzen ziren. Pilarrekin batera aritu ziren Victoria Kent, María de Maeztu, Clara Campoamor eta beste hainbeste emakume.
Bizitza kultural hau alde batera utzi behar izan zuen gerra zibila piztu zenean, eta senarrarekin eta Leopoldo semearekin Mexikora herbesteratu ziren. Baina ez zuen inoiz Garairekin harremanik galdu, eta urte askoren ostean bere sorterrira bueltatu zen zenbaitetan. Herriko batzuek oraindik akorduan dute Pilarrek sutondoan kontatzen zizkien kontuak. Nik ere egon nahiko nuke emakume handi horren etxeko sutondoan bere bizitza ikaragarri horren hitzak entzuten. Ahotsa ematen.