Isilaraziak Xvi

Disolbatzaile usainak atzera bota du Jeanne Hébuterne gaztea, akademiako ateak zabaldu dituenean. Bertan aurkitu du arte klaseko bere kidea eta laguna den Chana Orloff.

Cahanak eskulturarekiko zaletasuna badu ere, Jeannek pintura nahiago du, bere neba Andréri esker ezagutu zuen mundu hori, eta ordutik ez du besterik egin. Klasean lagunarekin berba batzuk elkartzen dituenean atetik norbait sartu dela konturatu da Jeanne. Amedeo Modigliani pintore ospetsua dela jabetu da. Txoratuta geratu da, nahiz eta neska baino nagusiagoa izan orrazkera bihurri horrekin, gazteagoa dela ematen du. Amedeok Jeanne ikusi duenean aho zabalik geratu da, neskatoaren edertasunak hitz gabe utzi du. Modiglianik modelo lanak egiteko eskatu dio Jeanneri eta neskak hori onartu duen momentutik, bien artean harreman sentimental bat jaioko da. Jeanneren gurasoen onespenik ez badu ere, Amedeo eta Jeanne batera bizitzera  joango dira Nizara. Neskak pintura utziko du eta modelo lanetan arituko da hurrengo hileetan. Ezagutu eta urte batera Jeanne haurdun geratuko da, baina ez du inoiz alaba beso artean izango, erditu den momentuan Amedeo ospitale batean dagoelako, tuberkulosiak jota. Medikuek erabakiko dute guraso horiek ezin diotela bizi on bat eman umeari eta umezurztegi batera eramango dute txikia. Pasarte traumatikoa izan bada ere, Jeanne berriro geratuko da haurdun. Haurdunaldiak aurrera egingo du eta 9. hilabetera heltzen direnean Amedeoren osasunak okerrera egingo du eta azkenean, 1920ko urtarrilean hil egingo da. Handik bi egunetara Jeanneren gurasoak eta nebak umearen etorkizunari buruz adosten ari diren bitartean, neskatoak leihotik behera salto egingo du. Haurraren eta bere bizitzari amaiera emanez. 

Hurrengo egunean Amedeo Modigliani «printze gisa» lurperatuko dute Père-Lachaiseko hilerrian, artista-komunitate osoak osatutako hileta-gorteiatzeak bere gorpua Parisko kaleetan zehar eraman ondoren. Jeanne, berriz, gurasoek ezkutuan lurperatuko dute Bagneuxeko hilerrian.

Jeanneren irudia hainbat museotako hormetan dago zintzilik, baina gutxi batzuek baino ez dute ezagutzen. Pintura utzi zuen beste emakume artista bat. Gizonaren itzaletan ikusezin bihurtu dena. Bere hitzik inoiz entzun ez dena, bere seme-alaben etorkizuna erabakitzeko aukerarik ere izan ez duena. .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!