Isilaraziak XV

Jakin badakigu Artearen Historian zehar emakume artistak egon direla. Badakigu gehienetan ezagutzen ez ditugula. Ez dugula beraien izenik ezagutzen eta are gutxiago beraien irudirik. Baina batzuetan bizitzak, errealitateak, sorpresa pozgarri batzuk eskaintzen dizkigu.

Gaur, sorpresa pozgarri horretako bat aipatu nahi dut. Eta, horretarako, 900 urte atzera egin behar dugu historian, eta, zehazki, Germaniako Erromatar Inperio Santura bidaiatu behar dugu, gutxi gorabehera gaurko Frankfurtera. Hiri horretako abadetxe bat imajinatu dezagun, XII. mendekoa. Iluna, leiho txikiekin, horma zurrunekin eta hezetasunez betea. Bertan abade eta moja batzuk (bai, gizon eta emakumeak batera bizi ziren garai horretan abadetxeetan) kandelez argitutako areto txiki batean lanean ari dira. Mahai batzuetan pergamino handiak dituzte zabalik, eta kalamuak pinturan sartu eta gero, pergamino horiek irudiztatzen, argitzen, pasatzen dituzte orduak. Pazientzia eta teknika handiko lana da. Ez du akatsik onartzen eta bista eta pultsu ezin hobeak behar dira. Artista horien artean, Guda izeneko (eta izena euskaraz esanahi ezin hobea dauka pertsona honentzat) moja bat dago. “D” letra irudiztatzen ari da eta, bat-batean, zerbait okurritu zaio. Bere burua margotuko duela letra horren barruan. Gainera, eskua igota dauka, irakurlea agurtzen egongo balitz bezala. Masailak gorri ditu, lotsaturik balego bezala. Eta hori gutxi balitz, bere inguruan esaldi hau idazten du “Guda, pecatrix mulier scriptit & pinxit hoc libris”, hau da: Guda emakume bekatariak liburu hau idatzi eta margotu zuen. Bekataria! Zein izango ote zen egin zuen bekatua? Ziur aski ezer gutxi, bere burua erretratatu, adibidez. 

San Bartolomeren orduen liburu honetan (Frankfurteko estatuko bibliotekan gordetzen da) azaltzen da, beraz, emakume artista baten lehen erretratuetako bat. Hori bai, bekatua egin eta gero. Emakumea izanda, lan egitea ere bekatu delako kasu batzuetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!