-Zer? –galdetu diot, uste dudalako ez dudala ondo ulertu.
-Biluzteko esan dizut!
Gurasoek esan didate bizardun gizon honi kasu egin behar diodala, eta ahal den heinean irribarretsu agertu. Alkandoraren botoiak askatu ditut eta gona kendu dut. Lurrera jausi denean zarata egin du.
-Kuleroak ere kendu! –agindu dit. Eta horrela egin dut. Lotsaturik nago, ez naiz inoiz gizon baten aurrean, bakarrik, biluzik egon.
-Hartu izkina horretan dituzun jostailuetatik pare bat –eskatu dit. Uztai handi bat ikusi dut, inoiz ikusi dudan uztairik handiena. Poz-pozik jarri naiz nirea izan ahal dela jakitean! Gainera, urdin koloreko baloi polit bat ere ikusi dut. Punttu urreztatuak ditu, inoiz ikusi dudan baloirik ederrena dela uste dut. Bi eskuekin hartu dut eta bere pisua sumatu dut. Uztaia eta baloia?
-Ados, jarri zaitez ohe horren gainean eta jarri jostailuak zure ondoan –esan dit Sáenz jaunak (horrela deitzeko agindu didate gurasoek)
-Zerbait falta zaizu. Badakit, jarri ezazu buruan arrosa koloreko ile-zinta hau. Begizta bat egingo dizut.
Eta orduan niregana hurbildu da eta ilea ukitu dit, zinta arrosa buruan jartzeko. Atzamarrak latzak dituela konturatu naiz, segundo batez ukitu egin nau eta. Gero urrundu egin da eta pintzelak hartu ditu. Mihise nahiko handi baten ondoan jarri da eta lanean hasi da.
-Begira nazazu, eta irribarre egin –agindu dit. Urduri nago. Ez daukat irribarre egiteko gogorik eta hotza sentitzen dut zetazko izaren gainean.
Agian ez zen horrela gertatu, edo bai. Pedro Sáenz Sáenz pintoreak 1897an Krisalida koadroa margotu zuen. Ume izatetik, emakume izatera bitarteko momentu hori errepresentatu nahi izan zuen. Erakusketa Nazionaleko Bigarren domina irabazi zuen, eta, beraz, estatuak eskuratu zuen artelana. Baina ez zutenez koadroarentzat leku aproposik aurkitu, lurreko indar armatuen kuartel nagusiko general buruaren bulegoan jarri zuten. 2021era arte. Gizon boteretsu baten bulegoko hormetan zintzilik egon da ume biluzi bat, Prado Museoak eskuratu duen arte. Umeak ez du ahotsik izango, baina bere begiradak dena esaten du.