Ezer gutxi aurkitu nuen baina atentzioa deitu zidaten bere lanek. Puntu naif bat duten lanak aurkitu nituen lehenengo, ume baten ikuspuntutik eginda egongo balira bezala, kolorez beteak. Baina beste lan batzuetan tonu surrealista erabiltzen du (Georgia O´Keeffe edo Maruja Mallo handiak ekarri zizkidan burura. Azken honi buruzko erreferentziak aurkitu dira Jimenezen artxiboan eta bien artean harremana izan zezaketen). Hori gutxi balitz, beste lan batzuetan arte abstraktua lantzen du, oso era interesgarrian gainera (euskal panoraman abstrakzioa landu zuen lehen artistetako bat izan zen, eta garaiko giro intelektualean barneratu zen, frankismoak nahiago zuen feminitatearen imajinarioaren aurka). 1909an jaio zen, Valladoliden, baina umea zela Donostiara joan zen bizitzera. Gaztea zela, Hego Ameriketara joan zen eta bertan egin zituen arte ikasketak, baina ez zuen inoiz eten Euskal Herriko arte munduarekin eta artistekin izan zuen harremana. Oso artista interesgarria da benetan, eta Lekuonaren hitzaldian argi geratzen da hori. Youtuben ikusi daiteke hitzaldi osoa, eta honi esker ezagutu dut ondo Jimenezen lana. Hala ere, Interneten eta aipatutako bideo hau kontuan hartu gabe, ohi den bezala emakumeen kasuan, ez nuen gauza handirik aurkitu. Hori dela eta, harremanetan jarri nintzen Marisa Barrenarekin, eta proposamena bota nion: María Paz Jimenezi buruzko Wikipediako orria egin behar zutela. Esan eta egin. Handik hilabetera eginda zuten dena. Orain, euskaraz, María Paz Jimenez artista handiak Wikipediako orrialde propioa dauka. Eskerrak eman nahi dizkiot WikiEmakumeok osatzen duen lan-talde finari. Zuei esker, emakume isilarazi askori ahotsa eman diozue. Gutxi batzuk bagara ere, guztion artean oihartzun handiagoa lortuko dugu. Emakumeon ahotsa inoiz baino altuago entzutea lortuko dugu.