Isilaraziak X

Emakume artista baten izena esatea eskatzen badizut, ziur nago lehenengoen artean Frida Kahlo dagoela. Zutabe hauek idazten hasi nintzenean, ezagunak ez ziren emakumeei buruz hitz egin nahi nuen, urteetan edo mendeetan zehar isilaraziak izan diren emakumeei ahotsa eman. Baina gaurkoan, askotan entzun dugun emakume bati buruz, eta bere lanari buruz hitz egin nahi dizuet. Izan ere, uste dut, askotan entzun dugula bere izena eta maiz ikusi dugula bere aurpegia, baina benetan ba al dakigu nor izan zen Frida Kahlo? Edo zer egin zuen artista honek? Bere aurpegia eta bere izena marka bat bihurtu dira azken urteetan. Ez da arraroa kaletik zoazela, Fridaren aurpegia estanpatua duen kamiseta baten jabearekin topatzea, edo poltsoak, galtzerdiak, kuxinak, katiluak… edozer objektu motatan ikusten dugu mexikarra. Gainera, errepresentatzen dena ez da zertan Fridaren aurpegia izan, buruko lore-diadema bat edo bekain bakar bat ikustearekin, bera dela ulertzera heldu garelako. Izan ere, Frida Kahlo marka bat bihurtu da. 

Honek artistaren izena ezagutzea ekarri du, baina hau lehenengo pausoa besterik ez da. Ez gara horretan geratu behar. Izenaren bitartez identifikatzea lortzen dugu, baina ez bere ahotsa entzutea, eta, beraz, benetan ezagutzea. 

Hasierako galderara bueltatuko naiz eta emakume artista baten izenaz galdetzeaz gain, artistaren (kasu honetan Kahlorena) artelan baten izenburua esatea eskatzen badizuet? Zenbatek erantzun diezaioke galdera honi? 

Artistaren irudia kamiseta batean eramateagatik, ez diogu ahotsik ematen, ez dugu benetan ezagutzen. Marketing-a besterik ez da, sistema kapitalista honen beste “seme” bat. Ai, Fridak jakingo balu! Bera baino komunistagorik ez dakit ezagutzen dudan. Zer esango zuen!

Fridaren lanak askotan surrealismoarekin elkartu nahi izan dira, baina berak surrealismoa ulertzen ez zuela esaten zuen, eta Breton bera (surrealismoaren aita izan zena) ez zuen aguantatzen. Kahlok bere lanetan bere bizitza adierazten du, bere egunerokoa irakurtzea bezalakoa da bere artelanak ikustea. Izan zuen bizitza gogorra eta tristea adierazten dute kolorez betetako koadroek. Gainera, historian lehen aldiz, emakumeekin lotutako gaiak errepresentatu zituen, hala nola abortuak, edoskitzea, amaren maitasuna (edo maitasun eza), gizonezkoengandik jasotako tratu txarrak, etab. Alde horretatik, aurrekaria izan zen. Garrantzi handiko artista dela izan behar dugu argi, eta bere bizitzari buruzko libururen bat irakurtzea gomendatzen dizuet; bere aurpegia den marka bat jantzita eramatea baino omenaldi hobea izango da artista handi honentzat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!