Aurtengo ekitaldia berezia izan da, Berrizko sei emakume isilaraziei ahotsa eman dietelako. Benetazko ahotsa, bertso eta guzti. Ramona Uribeganekoari, Teodora Uribarriri (nire birramama), Niceta eta Sofia Ariznabarretari, Benantzi Etxanori eta Sabina Ibarrolazari.
Maite Arrizabalagak Durango 1936 Kultur Elkarteak argitaratzen duen aldizkari batean idatzitako testua oinarri izanda, bertso trama bat antolatu zuten, Gutun bat Saturraranera, eta Miren Amuriza eta Idoia Barceló izan ziren gai-jartzaileak. Araitz Katarain, Nerea Ibarzabal, Irune Basagoiti eta Saioa Alkaiza izan ziren bertsolariak taula gainean. Lau emakume, dagoeneko ahotsik ez duten sei emakume berriztarrei ahotsa jartzen. Benetan hunkigarria izan zen.
Berrizko sei emakume hauek salaketa bat jaso zuten 1937ko otsailean, zentzu handirik gabekoa izan bazen ere (gorria izateagatik edo gorri baten emaztea izateagatik soilik) kartzela zigorra jaso zuten. Hasieran Bilboko kartzelan eta geroago Saturraraneko kartzelan atxilotu zituzten. Bertan bizitakoak ez ditugu zehazki ezagutzen, beti bezala, emakumeen ahotsak zapalduak eta gutxietsiak izan direlako. 1940ko uztailaren 29an kaleratu zituzten. 2 urte eta 4 hilabetez amesgaizto baten protagonista izan ziren, inoiz ez zuten ulertu zergatik eraman zituzten hara.
Domekako bertso trama horretan, inoiz entzun ez ditugun sentimenduak, beldurrak, minak, zalantzak, banaketak eta izuak entzun genituen. Eskerrik asko posible egin zenuten guztioi. Inoiz ahotsik izan ez duten emakumeen ahoak gara gu, eta horregatik da hain garrantzitsua horrelako ekintzak egitea. Maite, Miren eta Idoia, beti eskertuko dizuet egindakoa.