Uda iristen den bakoitzean iragarki berdinak ikusten ditugu behin eta berriz. Beti gazte eta ederrak paraje zoragarrietan, beraien larruazal beltzarana, irribarrea beti aurpegietan eta gorputz perfektuekin.
Horrelakoak ikusten ditudan bakoitzean gaizki sentitzen naiz, eta ziur ni bezala beste hainbeste pertsona. Izan ere, egoera horretan ez daudenek ezin dute uda bizi? Zer gertatzen da bidaiatu ezin dutenekin, udan lanean daudenekin edo bidaiatzeko posibilitaterik ez dutenekin, adibidez? Edo zer gertatzen da kanon zorrotz batzuen barruan sailkatu ezin diren gorputzekin? Iragarkiak ikusita ematen du ez dutela udaz gozatzeko aukerarik. Batzuentzat agian uda depresiorako momentua izan daiteke, eta beraien aurpegian ez da irribarre zuri eta perfekturik ageriko, iragarkietako modeloen kasuan bezala.
Iragarkietan inoiz agertuko ez garen horiek guztiak gara isilaraziak. Emakume nahiz gizon. Ez garelako errepresentatuak sentitzen. Irakurri berri dut elikadura-portaeraren asaldurak %25 igotzen direla urteko sasoi honetan. Datua ikaragarria iruditzen zait.
Gaixotasun mentalei buruz asko hitz egiten da azkenaldian, zorionez, eta hau beste bat da. Horrelako iragarkiek ekartzen dituzten ondorioetako bat da.
Eta ez dira bakarrik iragarkiak, egunero esku artean dugun mugikorrean Instagrameko aplikazioan sartzen garen bakoitzean mezu berdina helarazten digute. Uda gorputz perfektuak munduko txokorik eder eta esklusiboenetan erakusteko garaia dela ematen du. Hortik kanporako guztia isilarazia ezezik ikusezin ere bihurtu da.