Isilaraziak V

Beraien ahotsak ez ditugu inoiz entzun, izenak kasu gutxi batzuetan baino ez ditugu ezagutzen, beraien bizitza ez zaio inori axola, baina beraien gorputzak ezagutzen ditugu. Jantzita eta batez ere biluzik, askotan ikusi ditugu. Artelanik ezagunenetan agertzen dira eta bertako protagonistak badira ere, historian ez dute parterik hartu, beraien izenik ez da agertzen artearen historiako liburuetan.

Pintoreen modeloez ari naiz. Maiz ikusi ditugu baina gutxitan ezagutzen dugu beraien istorioa. Askotan artisten amoranteak ziren (edo hori esan digute, izan ere zalantzan jartzen dut bien arteko harremana –artista eta modeloaren artekoa- adostua izan ote zen ala ez kasu guztietan), beste batzuetan neskameak, emagalduak edota emazteak. Baina aipagarria egiten zait zenbatetan artista izan nahi zuten emakumeak modelo lanetan aritzen ziren.

Izan ere, XIX. mendera arte oso emakume gutxik izan zuten arte eskola batera sartzeko aukera (debekatua zuten) eta hori lortzen bazuten ezin zituzten gorputzak naturaletik margotu, hau da, ezin zuten giza modelo bat izan. Beraz, artista izan nahi zuten emakume askorentzat, arte eskolan sartzeko eta beste artista batzuekin harremana izateko modu bakarra modelo lanak egitea zen. Modeloa objektu bat zen pintoreentzat. Pitxer bat margotu ordez emakume baten gorputza marrazten zuten, lore batzuen ordez emakume baten silueta. Objektu sinple bat, besterik ez.

Askotan modeloak musa eran erakutsi dizkigute eta kasu hauetan emakume hauen izenak ezagutzen ditugu: Margherita Luti (Raffaellorena), Fanny Cornforth (Rossettirena), Suzanne Valadon (Toulouse-Lautrec edo Renoir-ena), Simonetta Vespucci (Botticellirena) edo Gala (Dalírena). Baina zer da musa bat izatea? Izate hutsagatik beste baten inspirazioa sortzen duena? Edo inspirazio hori laguntza erreala da? Eskuekin edo adimenarekin laguntzea kasu? Izan ere, musa hauen laguntza, kasu askotan, funtsezkoa izan da artistaren fama eta kalitatea bermatzeko.

Beti ezkutuan, beti gutxietsiak, beti objektualizatuak, beti isilaraziak. Emakumeak beti egon dira hor baina ez dira inoiz ikusi; koadroko protagonistak badira ere, ikusezinak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!