Isilaraziak (IV)

Askok dugu buruan 1896ko Lumière anaiek egindako film laburra. Tren bat geltokira iristen. Historiako lehenengo pelikula izan zen, 50 segundoko iraupenekoa. Baina ziur nago gutxi batzuek (edo inork ere ez) ez dutela noiz entzun La fée aux choux (Azaburuen maitagarria) filmaren izenburua. Lumière anaien filma baino hilabete batzuk geroago egin zen minutu bat eta 7 segundoko film laburra. Historiako lehenengoa istorio bat kontatzen. Gaur egungo filmek egiten dutena, alegia. Beti esan izan da Georges Mélièsen Ilargira bidaia izan zela istorio bat kontatzen zuen lehenengo filma, baina ez da egia gordina. Eta orduan, zergatik ez dugu inoiz entzun film horren izenburua? Edo zergatik ez ditugu pelikula horren irudiak buruan? Erantzuna erraza da: zuzendaria emakumea zelako.

Alice Guy-Blaché (1873-1968) izan zen historiako lehenengo emakumezko zinema-zuzendaria, lehen aipatutako pelikula horrekin. Bertan emakume batek (Alicek berak) azaburuetatik jaioberriak ateratzen ditu eta lurrean uzten ditu inongo goxotasunik gabe. Frantzian umeak nondik datozen azaltzeko fabulatik ateratako istorioa.

Baina Alice aitzindaria izan zen beste hainbat gauzetan, izan ere lehenengo aldiz lortu zuen irudia eta soinua batera errepresentatzea (1905), hau da, zinema mutua amaitzeko lehenengo pausoak eman zituen. Hori gutxi balitz, historiako lehenengo superprodukzioa izandako Kristoren bizitza filma zuzendu zuen 1905ean. Ordu erdiko iraupenarekin eta 300 estra baino gehiagorekin.

1907an ezkondu egin zen eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen bizitzera. Bertan bere zinema-ekoiztetxe propioa zabaldu zuen.

Baina bere lana gutxietsia ikusten hasi zenean eta gizonezkoen izenak Aliceren asmakizunen jabe lez ikusi zituenen, 1930ean bere memoriak idaztea erabaki zuen. Bere izena ez ahazteko. Gaur, Alice Guy-Blaché gogoratzen dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!