Isilaraziak III

Gaurkoan emakume isilarazi bati buruz hitz egin beharrean, egokiago izango litzateke emakume izkutatu, txikitu bati buruz arituko naizela esateak. Txikia bere zentzurik literalenean eta figuratiboan. Izan ere Clara Peteers (1594-1657) pintore belgikarrak historiako autoerretraturik txikienak egiten zituen. Bere burua txiki-txiki errepresentatzen zuen bere lanetan, ezkutatua, gizonezkoen munduan sartzea debekatua zuelako.

Autodidakta izan zen, izan ere garai horretan emakumeek ezin zuten pintura eskoletan sartu ere egin. Gutxiago oraindik gorputzak errepresentatu edo gai “handiak” pintatu, hala nola erretratuak, gai erlijiosoak edo historikoak. Peteersek garaian Anberesen gehien saltzen zen pintura mota landu zuen, natura hila. Esan genezake bere lanek argazkiak diruditela, hain dira perfektuak. Xehetasun guztiekin errepresentatzen zituen mahai gaineko produktuak eta ontziteria. Mahai perfektuak, produktu garestiz josiaz.

Eta zilarrezko sardexka eta kristalezko edalontzien erreflexuan, han agertzen da bera, Clara Peteersen erretratu txikiak, deformatuak, baina presente daudenak. Argi utzi nahi zuen nork egiten zituen pintura horiek. Ez zen erraza izan, baina bere pintura eskola propioa zabalik izatea lortu zuen eta horrek zera adierazi nahi zuen, ez zuela gizonezkorik behar bere alboan aurrera egiteko. Lan egin, dirua irabazi eta bera bakarrik bizitza aurrera ateratzeko gai zela. Gizonezkoen laguntzarik gabe. Ezinezkoa zen zerbait XVII. mendean. Emakume ausarta eta aurrerakoia.

Hain aurrerakoia zen, ezen aluaren lehenengo errepresentazio “ezkutatua” egin zuela (beti ezkutuan). Barazki gutxi irudikatu zituen, baina horien artean Europako iparraldean gutxi kontsumitzen ziren orburuak errepresentatu zituen. Baina erditik moztuak. Orburuen barnealdeko tolesturak, alu baten itxura hartzen dute.

Hasieran esan dut ez dela isilarazia izandako emakumea izan, izan ere orain dela 5 urte Madrilgo Prado museoan Peteersen erakusketa bat antolatu zuten. Lehenengo aldia zen emakume baten erakusketa egiten zela Madrilgo museoan. Ahotsa zertxobait entzun zitzaion, baina irudia gutxi, txikitua, erreflexuak besterik ez. Artearen Historian bere burua txiki ikustera behartu duten pintore handia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!